Skip to main content
Artikuluak

OINARRIZKO GIZA ESKUBIDEAK

By 17 uztaila, 2020No Comments

Ekainaren 26an, Nazio Batuen Erakundea (NBE) sortzeko agiria edo Nazio Batuen Gutuna izenpetu zuteneko 75. urteurrena ospatu zen.  Aspaldiko ekitaldi hartan, Jose Antonio Agirre Lekube lehendakaria izan zen.

Efemeride horrek aipamen hutsa besterik ez du izan “euskal” komunikabideetan, batere interpretazio politikorik jaso gabe.

Nazio Batuen Gutuna Estatu Batuetan izenpetu zuten, San Frantzisko hirian, eta 1.2, 55. eta 76.b artikuluetan herrien erabakimen librerako eskubidea aitortu zuten. Aitortza horrek euskal herria eta hura bezala zapalduta dauden herriak askatzeko borroka legitimatu zuen, eta gertaera politiko gogoangarria eta garrantzitsua izan zen.

Nazioarteko lege-esparru bat ekarri zuen, elkarrengandik bereizten dituena Estatu demokratikoak eta demokratikoak ez direnak, Estatu zapalduak eta inperialistak, beren eskubideak baliatzea eragotzita daukaten Estatuak eta eskubideak urratzen dituztenak, beren existentziaren alde borrokatzen diren herriak eta Estatu genozidak, beren nazioa defendatzen duten Estatuak eta nazional inperialistak.

Hortik dator efemeridearen garrantzia gure nazioarentzat, zeinari oraindik ere bahitua baitiote bere Estatua (Montevideoko Konbentzioan definitu zuten moduan ulertuta) espainiar eta frantziar Estatu nazional inperialista, absolutu eta totalitarioek, su eta gar konkistatu, okupatu eta zapaldu zutenez geroztik.

“Giza Eskubideen Itunetan jasotako eta NBEren 1966ko Batzar Nagusian onartutako giza eskubideak eta, bereziki, herrien autodeterminazio-eskubidea —zeina lehenengo giza eskubidea eta gainerakoen oinarria baita— jatorrizkoak, berehalakoak, baldintzarik gabekoak, jarraituak, iraunkorrak, eskualdaezinak, besterenezinak, ukaezinak eta preskribaezinak dira” (Iparla argitalpenak).

Hala ere, munduko Estatu inperialista sinatzaile boteretsuenek maniobrak egiten dituzte oraingo indar-orekari eusteko eta praktika politikoan aitorpen hura ezerezean uzteko. Gu nahasten eta engainatzen saiatu dira eta saiatzen dira, besteak beste edozein erregimen politiko “demokratikotzat” joz erregimen horiek aldian behin hauteskundeak antolatzen dituztela eta. Haiek dira, legez kanpo kasu guztietan, hauteskundeak antolatzen dituztenak besteren lurraldean; Frantziak eta Espainiak egiten dute gurean. Bide horretatik, burutik kendu nahi digute demokraziaren funtsa giza eskubideak direla eta ez direla hauteskunde-sistema politikoak, nahiz eta azken horiek beharrezkoak izan demokraziari eusteko.

Jakitun gaude, beraz, ez dela nahikoa NBEk autodeterminazio-eskubidea aitortzea gure Estatua berreskuratzeko. Estatua berreskuratzeko, aitortza horrekin batera, erresistentzia politikoko sistema antolatu bat behar da, herria batu, Gobernua berrezarri eta lurraldea askatuko duen estrategia bat dakarrena.

Agirre lehendakaria NBE sortzeko ekitaldira joan izanak bide ematen dit esateko batere loturarik ez dagoela gaur egungo eskualde-gobernu autonomoaren eta erbesteko aspaldiko Eusko Jaurlaritzaren artean.

Espainiako gerra zibilak sortutako egoeraren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak egiazko botere politiko bat izan zuen: armada bat izan zuen bere aginduetara, dirua jaulki zuen, ekonomia kontrolatzen zuen, nazioarteko harremanak zituen, eta Estatu bateko Gobernutzat hartzea ekarri zuten beste ahal batzuk zituen. Beraz, Gobernu legitimo bat zen, gerran zegoen lurralde batean finkatutakoa, aliatutzat edo etsaitzat hartzen zutena eta euskal nazioak hautatutako eta onartutako lehendakari bat zuena; erbestean, Gobernu legitimoaren izaerari eutsi zion.

Agirre hil ondoren, hondamendia mamitu zen, erantzukizun politikoak alde batera utzita, Indar Demokratikoen Batasunerako Akordioan, Municheko Itunean eta azkenean “trantsizio” deritzon horretan agerian geratu zen bezala. “Eusko Jaurlaritza”ren izena egiazko eduki politikorik gabe geratu zen.

Harrezkero, itxurazko gobernu bat da, administrazio-ondorioetarako izenari eta zenbait eskumeni eusten diena, zeinak inondik inora ezin baitira alderatu Agirre lehendakariaren Gobernuaren eskumenekin eta zeinek legitimotasuna kentzen baitiote Gobernu haren jarraipena izateko; eskualde batera mugatuta dagoena, Espainiako sistema politiko totalitarioa legitimatzen duena eta haren parte dena.

Aldea hain da nabarmena, non, Agirre lehendakaria izandako sortze-ekitaldi hura gaur egingo balitz, nor joango eta espainiar eta frantziar gobernu inperialistetako agintariak joango bailirateke hara, gure lurraldearen ordezkaritza legitimotasunik gabe eta legez kanpo usurpatzen dutenak.

Konklusioa begi-bistakoa da: egiazko botererik gabeko gobernu subsidiarioak ez dira inor nazioen mundu mailako kontsentsuan.