Orreaga Taldekook amorrua sentitzen dugu gure aberkideak bahiturik ikustean. Min handia eragiten digu euskal presoen egoera latzak, baina sentimenduak ez digu eragotzi behar hausnarketa politiko zintzoa. Hona hemen analisi horretarako oinarri batzuk:
- Espainiak eta Frantziak euskal bahituekin nahieran eta horren ankerki aritzeak garbi erakusten du, gaur-gaurkoz, gure herriaren indar politikoaren neurri eskasa.
- Bistan da Espainiak eta Frantziak aurrera atera nahi duten asmoa: sinetsarazi nahi digute gure aurka erabiltzen duten terrorea, xantaia eta tortura sistematikoa baztertzeko bide bakarra gure integrazio otzana dela, horretarako ezarri dizkiguten instituzio espainol eta frantsesetan parte hartuz beraiek erabakitako baldintzetan. Horretarako, ezinbestekoa zaie bertako kolaborazionisten laguntza, eta zinez esan daiteke lortu dutela laguntza hori. Buru-belarri ari dira, demokratikoak balira bezala, inperialisten instituzio guztietan parte hartzen, haiek indartzen eta gure askatasunerako bidetzat aurkezten, ehunka urtetako okupazioa eta zapalkuntza ahaztuta.
- Funtsezkoa zaigu konturatzea badela beste bide bat. Okupazioa eta zapalkuntza amaitzea ezinbesteko baldintza da demokraziarako eta giza eskubideen bermerako, bai eta gatibu daudenak etxera libre itzuli ahal izateko ere. Ezinezkoa da askatasuna lortzea inperialismoak gu mendean hartzeko ezarritako legediaren barruan. Gure egoera ikusi besterik ez dago, ulertzeko euskal alderdiak direla diotenek (“moderatuak” zein “erradikalak”) orain arte saiatu dituzten bideak askatasunerako izan beharrean galbiderako izan direla. Estrategia askatzaileak bestelakoa izan behar du, eta Herrian oinarritu behar du, ez alderdien burokratengan.
Horregatik, behin eta berriro esango dugu inperialismoaren probokazio, eraso, gezur eta hilketek ez gaituztela milimetro bat ere desbideratu behar gure Estatua berrantolatzeko langintzatik, nahiz eta sortzen dizkiguten egoeren gordinak ondorio lazgarriak izan.
Soilik euskal herriaren indarraren berezko instituzionalizatzeak lor dezake indar harremanetan jauzi kualitatiborik gertatzea.
Soilik Estatu batek egin diezaioke aurre beste Estatu bati.
Soilik euskal Estatuak bermatu dezake euskal herritarren askatasuna.
Orreaga Taldea, 2020/05/30