Euskal Herrian, hauteskundeak ez dira demokratikoak. Baieztapen horren zergatia azaltzen saiatuko naiz hurrengo lerroetan.
Gu herri bat garela esanez hasi behar dugu; eta herri bat gara bere identitatearen berehalako kontzientzia duen eta lurralde propio eta esklusibo bati atxikia dagoen gizatalde antolatu bat garelako.
Herri batek, bere existentziari eusteko, baina, boterearen erabilpen efektiboa behar du, hau da, bere helburuak lortzeko jarduera iraunkorra edo etengabea.
Herri guztien lehen helburua bizirik irautea izanik, independentzia ezinbesteko baldintza da; independentziarik ez dagoenean, menderakuntza dago, eta menderakuntzak herri guztiak desagertzera kondenatzen ditu.
Zoritxarrez, gu ez gara askatasunean bizi: indarrez menderatutako eta zatitutako herri bat gara. Hala ere, sistema itxuraz demokratiko batean bizi garela sinetsarazi nahi digute, eta horretarako zapaltzaileek duten tresnarik eraginkorrenetakoak dira hauteskundeak.
Herri batek, beste bat menderatzen duenean, ezin du denbora luzez erabili hasieran erabilitako bortxa eta biolentzia; ezkutatu egin behar du, eta legitimitatea lortu, menderakuntza egoera demokraziaz mozorrotu. Hauteskundeen bidez lortzen du indarra erabiliz lortzen ez duen legitimitatea.
Hori da gu oparitzen ari garena hauteskundeetan parte hartuz; jokaera horrekin, normaltasun demokratiko batean bizi garela ari gara munduari erakusten. Ez gara konturatzen ezin ezkon daitezkeela menderatuak bizi garela esatea eta zapaltzaileak antolaturiko hauteskundeetan besterik gabe parte hartzea.
Bada herri honetan askotan egiten den galdera bat: zer bide erabili askatasuna lortzeko? Gauza asko egin daitezke, noski, baina zentzuz jokatuz, eta gure indarguneak –etsaiaren ahulguneak– modu zuhur eta egokian erabiliz. Zapaltzaileari egin diezaiokegun oparirik handienetarikoa da hauteskundeen zurrunbiloan buru-belarri aritzea. Aldi berean, ordea, haren ahuleziarik handiena da gure boikota, parte hartzeari uko egitea.
Jokabide batek dakartzan onurak eta kalteak neurtzea izaten da beti egokiena; azter ditzagun, bada, proposatzen ari garen jokabide honen eta kontrakoaren alde onak eta txarrak. Aski izango da, noski, alde batentzako onurak aipatzearekin, beste aldearentzat beti izango baitira kaltegarri; zapalkuntza egoera batean, zapalduarentzat mesedegarri dena beti da kaltegarri zapaltzailearentzat.
Menderatzaileek antolatzen dituzten hauteskundeetan ez parte hartzeak sortzen dizkigun onuren artean honako hauek aipa genitzake, besteak beste: zapalkuntza egoeraren delitua salatzen aritzea; agerian uztea gu beste herri bat garela eta horiek ez direla gure hauteskundeak; koherentzia politikoz jokatzea, antagonikoak baitira zapalkuntza eta demokrazia, eta, batez ere, gure duintasuna eta autoestimua indartzea. Esan bezala, guztiak dira kaltegarri arerioarentzat, noski. Sortu dezakegun kalterik handiena ere lortuko genuke, bide batez: euren izaera inperialista eta zapaltzailea munduari erakustea.
Gureak ez diren hauteskundeetan parte hartzea etsaientzat da mesedegarri, ordea: legitimazioa, zentraltasuna eta label demokratikoa oparitzen diegu; gure mendekotasunaren sistema onartzen dugu; Espainia eta Frantziaren “demokraziaren” ur handietan ondoratzen gara.
Haientzat bai da baliagarria lurralde horietan –Espainian edo Frantzian– gehiengoen bitartez erabakitzen dena. Guk ezin dugu joko zelai horretan jokatu. Gehiengoen eta gutxiengoen arauak onartzeko, beharrezkoa da arau horiek onartzeko prest dagoen aurretiko erabateko adostasun bat. Orduan bai, funtzionatzen du, eta onartu beharrekoa da gehiengoak erabakitakoa; ez dago erabakiak hartzeko beste modurik.
Noiz izaten da, ordea, aurretiko ahobatezkotasun hori? Noiz erabakitzen da? Noiz bozkatzen da? Ez da bozkatzen, independentzia bozkatzen ez den bezala, autodeterminazioa bozkatzen ez den bezala. Guztien adostasun hori herri bat existitzen den une berberetik existitzen da.
Herri bat existitzen denean, herri hori sortzeak berekin dakar aurretiko ahobatezkotasun hori; Euskal Herria da guztien adostasuna, sortu zutenek eta bizirik irautea nahi dugunok osatzen dugu erabateko adostasun hori. Alemaniako hauteskundeetan parte hartzen ez dugun arrazoi beragatik egin beharko genieke uko Espainiak eta Frantziak egiten dizkiguten hauteskunde deialdiei; ez dira gureak.
Ez nuke aipatu gabe utzi nahi proposamen honetan ez dagoela askatasuna lortzeko beste jokabide batzuek izan duten eta duten kostu sozialik: ezin dute inor bozkatzera behartu, ezin dute zigortu botorik ez ematea, ezin dute biolentzia erabili, ezin dute hauteskunde horiei uko egitea ekidin.
Onurak eta kalteak aipatu ditut aurretik, eta jokabide bakoitzak nori egiten dion mesede eta nori kalte agerian uzten saiatu naiz. Ezin dugu parte hartu geure kabuz, horretara inork behartu gabe, gureak ez diren eta, beraz, antidemokratikoak diren hauteskunde batzuetan, estatu eta herri bakarrak Espainia eta Frantzia direla onartzea baita hori.
Ez da egia Espainian eta Frantzian ezarritako sistemetan eta hauteskundeetan parte hartuz noizbait independentzia lortzeko aukerarik izango dugunik. Ezin izango dute inoiz onartu euren batasun zatiezina bermatzeko eta euren mendeko herriak desagerrarazteko hain zuzen ere sortuak izan diren instituzio eta sistemetan gure askatasuna lortu ahal izatea. Euren hondamendia litzateke.
Aske garenean, subjektu politiko bati dagokion boterea gure eskuetara itzultzea lortzen dugunean, orduan bai izango dira hauteskundeak demokratikoak, guk antolatuak izango direlako, gure boterea mantentzeko balioko dutelako. Bitartean, erresistentzian aritzea eta antolatzea dagokigu, eta lehen pausoa hauteskunde arrotzei uko egitea da.
Mikel Antza, Orreagako kidea.