Skip to main content
Artikuluak

ABUZTUAK 15 ASKATASUNAREN EGUNA

By 30 uztaila, 20222 azaroa, 2022No Comments

“Hau baldin bada demokrazia, orduan ni ez naiz demokrata!”. Hala entzun omen zion adiskide batek eskola gutxi baina inozotik ezer gutxi zuen bizkaitar adineko bati, lehenengo frankismotik bigarrenera pasa berritan. Jakina, herrikide harentzat arazoa ez zen demokrazia bera, baizik eta zeri esaten zioten batzuek demokrazia.

Antzeko kasuan geundeke bat baino gehiago autodeterminazio-eskubidearekin, gure inguruko politikari, politologo, kazetari eta abarri kasu egin eta kontzeptuari haiek ematen dioten esanahia geure eginez gero. Izan ere, izan ezjakintasunagatik (larria), izan mezu-hartzailea nahastu nahian (are larriagoa), etengabe irakur eta entzun ditzakegu hamaika txosten, prentsa-ohar, iritzi-artikulu, prentsaurreko, eta abar, non autodeterminazio-eskubidea duela urte batzuk asmatu duten erabakitzeko eskubidearen sinonimotzat jotzen duten.

Zorionez, bada gauzei bere izenez deitu eta bien arteko desberdintasunak argiki azaltzen dituenik ere. Horien artean dira irakurri berri ditudan bi libururen egileak: Joan Ridao (Erabakitzeko eskubidea. Katalunia eta Espainiarentzat irteera bat, RBA Libros, 2014) eta Jaume López (Erabakitzeko eskubidea. Kataluniar bidea, Txalaparta, 2017). Bietan topa genezake kapitulu bana, izenburu ezin adierazgarriagoa duena: “Erabakitzeko eskubidea ez da autodeterminazio-eskubidea”.

Biak ala biak dira erabakitzeko eskubidearen defendatzaile, baina aho-bilorik gabe esaten dute kontzeptu horrek ezer gutxi duela ikusteko autodeterminazio-eskubidearekin. Ea ba, ikus ditzagun bi kontzeptuen arteko ezberdintasunak:

Autodeterminazio-eskubidea nazioarteko legedian jasoa da aspalditik; besteak beste, Nazio Batuen sorrerako agirian. Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean ez dago esplizituki jasoa, baina, Ridaoren iritziz, inplizituki jasoa dago, bertako lehen artikuluan hain zuzen: “Gizaki guztiak jaiotzen dira libre eta parekide duintasun eta eskubideei dagokienez”. Kataluniarraren hitzetan, “askatasun indibidual horren adierazpen kolektiboa baino ez baita autodeterminazio-eskubidea”. Iñaki Aginaga zenak zioenarekin bat dator: “Inperialismorik gabe, ez legoke autodeterminazio-eskubiderik, ezta beharrik ere!”. Izan ere, inperialismorik ezean, herriak libre izanik, inork ez zuen eskubide hori aldarrikatu beharrik izango. Bai Lópezek, bai Ridaok aipatzen dute puntu hori; alegia, autodeterminazio-eskubidea praktikara eramateko nazionalki zapalduriko herri bat izan behar dela, bortxaz konkistatua izan dena, eta, euren ustez, Kataluniako kasuan zaila da hori horrela izan dela frogatzea. Azken uste horrekin bat etor gaitezke, edo ez, baina kontzeptua ulertzen erraza da: injustizia bat dago estatu batek beste bat mendean hartzen duen momentutik, eta menderaturiko herriak askatasuna berreskuratzeko eskubidea du, eta eskura dituen baliabide guztiak zilegi zaizkio helburu horretarako. Estatu menderatzaileari, aldiz, okupaturiko lurraldetik alde egitea dagokio, okupazio-indar guztiak eta estatu-egitura guztiak desagerraraziz menderaturiko lurraldetik. Horixe autodeterminazio-eskubidea, herriek libre izateko duten eskubidea, independentzia nazionalerako eskubidea.

Erabakitzeko eskubidea, aldiz, Lópezen hitzetan, “inongo nazioarteko legedik ez du esplizituki aitortzen”; (…) “baina garaturiko demokrazia liberal batean eskubide bat bezala hartzen dugu guk”; (…) “Katalunia estatu demokratiko baten parte da, baina kalitate baxuko estatu demokratiko baten parte”; (…) “liburu honetan, erabakitzeko eskubidea autodeterminazio-eskubideari kontrajartzen zaion kontzeptu baten moduan aurkeztu dugu”. Ridaok ere antzeko argudioak darabiltza; alegia, autodeterminazio-eskubidea praktikara eramateko inperialismoa beharrezkoa den bezala, erabakitzeko eskubidearen kasuan estatu demokratiko bat izatea behar omen da, printzipio demokratikoan oinarritzen baita “eskubide berri” hori. Demokrazian dena bozkagai jarri daitekeenez, benetako demokrazia batean legeak ezin dira muga gaindiezin izan inoiz. Estatu demokratiko horren barneko demos batek libreki erabakitzen duenak ez luke inolako muga edo betorik izan behar, eta demos horrek momentu batean kide den estatutik bereiztea erabakiz gero, estatu matrizeak erabaki hori errespetatu beste aukerarik ez luke izango.

Zenbat eskertuko genukeen autodeterminazio-eskubidearen aldekook, gurean “erabakitzeko eskubidea” defendatzen dutenek bi irakasle kataluniar horiek bezain garbi hitz egingo baligute. Orduan eztabaidak zentzua izango luke:

Herri bat gara, edo Frantzia hegoaldeko demos bat eta Espainia iparraldeko beste bi demos?

Euskal Herria nazio zapaldua da eta haren estatua, Nafarroako erresuma, konkistatua eta okupatua izan zen, edo hemen ez da zapalkuntzarik eta demokrazian (demokrazietan) bizi gara?

Ezer libreki erabaki ahal izateko, nahitaezkoa da aurrez okupazio-armadek hemendik alde egitea, edo ez da okupazio-indarrik gurean eta, beraz, hauteskunde libreak egin genitzake?

Batek baino gehiagok izerdi latzak atera beharko lituzke aipatu berri ditudan argudiook defendatzeko, eta horrexegatik ezkutatzen dute (kataluniarrek ez bezala) erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko autodeterminazio-eskubideari uko egin behar zaiola. Erosoago daude gauza bera balira bezala salduz. Kito, jada ez da saldukeriarik, ez da inboluziorik.

Baina hori gezurra dela jakin eta irensteko prest ez gaudenok autoderminazio-eskubidearen defentsan jarraituko dugu. Eta hurrengo hitzordua Pasai Donibanen dugu, abuztuaren 15ean, “Nazioa askatu, Estatua berrezarri” lelopean.

Ainhoa Letamendia. Orreagako kidea