Skip to main content
Artikuluak

By 1 ekaina, 2021No Comments

IÑAKI AGINAGA BERISTAIN

(1929-01-29 / 2021-05-31)

Gugan bego

Egun batez, hautatua izatearen
zirrara ezin gordea nialarik,
ene belarrietan oihartzun bat hintzena
aurrez aurre ezagutzeko aukera nian.

Hantxe hintzen luze ibili denaren
jakindurizko keinuez
gabardinaren doai estetikoak
deusezten, deusezten.

Nik, oihal xurizko ator batekin
idurikatu hintudan
eta, arpa baten beharra ere
sumatu nian hire eskuetan.

Hire iturri hitz jarioa
sakoneraino busti ninduen
apirileko euria huen.

Aidean idatzi nahirik bezala
araudi sendoz, lerro lerro
hitzak antzez dantza batean
lotu zirenean,
gure arrazaren ohizko errepika
biluztua ikusi nian
ballet batean.

Gero zaldia hartuz kondairan barna
zalapartaka abiatu hintzen.
Luze luze ibiliz gero,
altzairuzko bidea egitean,
zaldia eromenean begiak
galdutako suminduran
zaldia begiak galdutako
suminduran bilakatu zitzain.

Zaldi kateztatuaren nekea
gaurkotasunez margotzen ari hintzen
eta ni hire coctail gazi gez aberatsez
mozkortzen eta mozkortzen,
lanbro fin batek bere baitan
hartu banindu bezala
irtetzen, irtetzen, irtetzen;
hire itzalarekin
ator bat egin nian.

(Benito Lertxundik Iñaki Aginagari eskainitako kantua: “Egun batez”)