Lilurarik ez
Norbaiten jokaerak asaldatzen bagaitu, harengandik beste zerbait espero genuen seinale da, nekez sortu baitezake gugan halako sentimendurik berarengandik ezer onik espero ez dugun hark. Eta asaldatu egiten gara Beskoitzeko herriko etxeak (sic) ikastolako haurrak aterpe duin bat izateko lurrik gabe uzten dituenean. Edota epaile espainolen batek euskararen aurkako ez dakit zer epai ateratzen duenean. Edota parlamenturen batean gehiegikeriatzat jotzen dugun legeren bat onartzen dutenean.
Gauza bera gertatzen da ilusioarekin. Hirugarren baten jardunak ilusioa piztu badezake gugan, harengandik zerbait ona espero ahal izatea aukeren artean dagoelako da. Eta asko harritu egingo dira, baina oraindik ere ilusio eta itxaropen handiak sortzeko gai dira arerioen zenbait ekimen; adibide argiena hauteskundeak dira beharbada.
Asaldura zein ilusioa, baina, egoeraren diagnostiko oker baten sintomak direla esango nuke. Zergatik? Diagnostiko errealista batetik abiatuz, Frantzia eta Espainiatik datorren ezerk ezingo lukeelako halako sentimendurik sortu gugan. Eta horren arrazoia oso xinplea da: inperialismoaren helburu estrategikoak utzi zion okupaturiko herrien kolonizazioa eta esplotazioa izateari; beste urrats bat egin, eta herrien erabateko likidazioa da inperialismoaren helburu estrategikoa aspaldidanik, ikasia baitu herriak likidatu ezean beti izango duela erresistentziarekin topo egiteko arriskua.
Menderaturik gauzkaten estatuen helburua gure likidazioa dela ulertuko bagenu, haiengandik ezer onik ezin dugula espero ulertuko bagenu, gu asaldatu edo ilusionatzeko gaitasuna ukatuko genieke. Eta urrats handia litzateke hori, indar eta denbora xahutze asko ekidingo lizkigukeena. Frantzia eta Espainia aspalditxotik indarra galtzen joan diren bi potentzia inperialista dira. Alta, orain artean ez dira sekula gai izan okupatu, anexionatu eta kolonizatu dituzten herrien existentzia eta eskubideak onartzeko harik eta eskura zituzten biolentzia baliabide guztiak erabat agortu arte. Askotan, ezta ondoren ere. Zerk pentsarazten digu orain kontrakoa egin dezaketenik? Kontrolpean dituzten lurraldeetan ez dute inoiz onartuko eurena ez den beste naziorik, beste herririk, inolako eskubide politikoren jabe den beste aktorerik. Espainolen eta frantsesen nazionalismoaren oinarrian dagoen zerbait da hori, horrenbeste mendeko historia inperialistaren ondorioz irrazionala den instintu bat bilakatua dagoeneko.
Frantses zein espainolen helburua gure likidazioa dela asimilatutakoan, gure desagerpena bilatzen dutela jabetzean, gezurra badirudi ere, gure osasun mentalak hobera egingo lukeela esatera ausartuko nintzateke. Akabo asaldurak, adio ilusio faltsu eta ezinbestean ondoren datozen desilusio eta frustrazioei. Emozionalki orekatuago bizitzen lagunduko liguke, sinetsidazue. Lehenik, arerioen agendak gu emozionalki asaldatzeko gaitasuna galduko lukeelako. Eta, bigarrenik, agenda horrek harrezkero ez gintuzkeelako arduratuko. Kito. Momentu horretatik aurrera euren sisteman orbitatzeari utziko genioke. Akabo haiek jotako musikarekin dantzatzeari.
Axioma, beraz, argia da. Espainolek edo frantsesek zerbait antolatu edo ezartzen badute, euren helburu estrategikora hurbiltzen dituela uste dutelako da.
Hitz egin dezagun orain “botere autonomikoez”. Edo beste era batera izendatuta agian hobe: hitz egin dezagun haiek ezarri zizkiguten instituzio horiei buruz. Zeren eta garbi baitugu haiek diseinatu eta ezarri zituztela, ezta? Bada, horrekin nahikoa. Axiomari helduz, garbi dago gure likidaziorako estrategian txertatzeko diseinaturiko instituzioak direla. Jarri zituzten balantzan “autonomismoaren” onurak eta kalteak (edo arriskuak), eta ondorioztatu zuten gure likidaziorako baleko erremintak izan zitezkeela. Ez dezala inork pentsa kalkulu horiek egin gabe “eman” zizkigutela “autonomia” horiek. Are, inork ez dezala jarraitu elikatzen “borroka luzearen ondoren lorturiko garaipenak” direlako kondaira. Onar dezagun begi bistakoa dena. Haiei komeni zitzaielako erabaki zuten “autonomiak ematea”. Gauza jakina da, autonomia emateko eskubidea onartzen badiozu inori, autonomia hori kentzekoa ere onartzen diozula inplizituki. Duela urte gutxi batzuk Katalunian 155 ospetsuarekin autonomia bertan behera utzi zutenean, alferrikakoak izan ziren ondorengo kexa, aiene eta arrangurak. Bekatua ez zen “autonomia” indargabetu izana: bekatua bere garaian espainolei “autonomia emateko” gaitasuna aitortzea izan zen, eta “instituzio autonomikoak” propiotzat hartzea.
Beste bekatu larri bat hauteskundeek benetan zertarako balio duten ulertzeko ezintasuna da. Emma Goldman anarkistak esan zuen bezala, “zerbait aldatzeko balioko balute, legez kanpo utziko lituzkete”. Arrazoirik ez zuen falta. Hauteskundeek zerbaitetarako balio baldin badute, azaleko aldaketa txiki batzuk egiteko eta boterean dagoena boterean mantentzeko da. Erabat logikoa den zerbait, bide batez esanda. Nor izango litzateke boterea bere esku izan eta hura galtzeko arriskuan jartzeko bezain inozoa? Kontua da demokrazietan, halakorik inon bada, herriak lukeela boterea, eta hauteskundeen bidez herriaren esku jarraituko lukeela hark. Gurea bezalako herri menderatuetan, ordea, boterea ez dago herriaren esku, ez estatu menderatzaileko herriaren esku, eta are gutxiago herri menderatuarenean. Estatuak du halakoetan botere osoa, eta hauteskundeen bidez denak berdin jarraitzea lortzen du. Hori bai, menderaturiko herrian kolaboratzeko prest dauden alderdi politikoak aurkitzeko gai izanez gero, herri menderatua engainatu eta librea dela sinetsarazteko tresna paregabea ere badira horiek. Horrela, hauteskundeen bidez boterea eskuratu genezakeela sinetsarazten digute antolatzen dituztenek, eta hala errepikatzen dute haietan parte hartzen duten alderdi politiko guzti-guztiek. Hauteskundeek erregimen bati ematen dioten label demokratikoa ikaragarria da. Horregatik baliatzen dituzte estatu guzti-guztiek, hasi demokratiko xamarrak izan daitezkeenetatik, eta totalitarioenetaraino.
Guk berehala ditugu gainean “EAE” deitzen duteneko instituzioetan karguak berritzeko hauteskundeak. Boza emateko eskubidea aitortua dugunok bi aukera ditugu. Lehena boza eman eta ezertxo ere ez aldatzearen alde egitea litzateke; menderakuntzaren alde egitea, alegia. Trukean, Madrilen erabakitakoa hemen nork betearaziko digun aukeratzeko jokoan parte hartzen uzten digute. Lehen aukerarekin espainolei zilegitasuna aitortzen diegu guri “autonomia emateko” (eta oroit, baita kentzeko ere). Lehen aukerarekin ilusionatu gaitezke, edo besterik ez bada zerbait aldatzeko itxaropen apur bat ukan. Baina geure burua engainatzea litzateke.
Beste aukera bozik ez ematea da. Badakit ez dela erraza urrats hori egitea, dituzten propaganda baliabide guztiak erabiltzen baitituzte hauteskundeak guretzat garrantzitsuak direla sinetsarazteko, eta badakigu zer gertatzen den mila aldiz errepikatutako gezurrekin. Baina ez gaitzala itsutu hauteskundeei ematen dieten koipe guztiak sortzen duen dirdirak. Lilura tresna indartsua da, baina arrazoia handiagoa izan daiteke. Bertol Brecht-ek Laboaren ahotik ederki aholkatzen gintuen: “Lilurarik ez!”.
Ainhoa Letamendia. Orreagako kidea