AGUR ETA OHORE, MARI FELI
Hutsune eta min handia sentitu dugu Orreagako kideok: Mari Feli Ugarte Zubiate, taldeko zutabeetako bat joan zaigu. Abertzale nekaezina, lan itzela egin zuen Euskal Herria askatzeko ahaleginean, betiere isiltasunean eta apaltasunetik. Horrelakoa baizen-eta Mari Feli: buru argia eta langilea, nortasun sendokoa; baina, aldi berean, apala eta umila. Eta, batez ere, abertzale zintzoa bere azken hatsera arte.
1942an jaioa Galdakaoko Zabalea auzoan, bertan bizi izan zen familiarekin joan zen irailaren 6a arte. Ekonomian lizentziaduna, gazte garaian gizonezkoak nagusi ziren lan-munduan borrokatu zuten andre modernoetakoa izan zen.
Gutxi izan dira etsai inperialisten amarruetan erori ez diren abertzaleak. Mari Feli izan zen horietako bat. Argazkian ikus daitekeenez, pasa den abuztuaren 15ean Orreaga taldeak omendu zuen kideetako bat izan zen, bizitza osoan zehar Euskal Herriaren askatasunerako grina eta ideologia mantentzen, transmititzen eta zabaltzen egindako lanagatik. Tinko eutsiko diogu Mari Felik erakutsitako bideari.
Hona hemen esandakoa berresten duen bere idatzi bat:
ENGAINATZEN EZ UZTEA…
Mari Feli Ugarte (Orreagako kidea)
Azkenaldian, herri honek amore eman duelako sentipena zabaldu da. Ohikoa da norberaren estatua ameskeria bat eta iraganeko oroitzapen lauso bat dela entzutea. Horrek pentsarazten digu gure jendeak beharbada alde batera utzi duela independente izateko gogoa, eta jada ez duela sentitzen herri askea izateko beharra, dagoeneko ez duelako herritzat hartzen ere berea. Baina, aldi berean, beren berezitasun linguistiko, kultural, soziologiko, historiko eta abarrez egiten duten erakusketak agerian uzten du oraindik ere oharkabean nolabaiteko “maitasuna” sentitzen dutela diren horrekiko, eta, beraz, beren buruaren beraren eta beren liderren uste guztia eta itxaropena baino ez dute galdu beharbada; harrotasun nazionala, autoestimua galdu dute.
Gizabanakoen autoestimua haien herri edo nazioei lotuta al dago, bada? Herri edo nazio batek sentimendu bera duten pertsonak biltzen dituen heinean, eta horien nortasun kolektiboak norbanakoaren nortasuna osatzen duen heinean, norbanakoaren autoestimua, besteak beste, taldearekiko identifikazioaren bidez indartzen da.
Gure kasuan bezala estatua bahitua dieten herrietan ez ezik, are finkatuta dauden estatuetan ere, jendeak bere buruarengan, besteengan edo bere liderrengan konfiantzarik ez duenean, herri-duintasuna galtzen da eta herri hori nazio zapuztua da. Gizarteak bilauei agintzen uzten badie, gizarte hori galbidean sartzen da. Horrexegatik da hain funtsezkoa, estatuaren egoera politikoa eta ekonomikoa gorabehera, estatu horrek bere buruari egiten dion propaganda. Pentsa zer-nolako propaganda-premia duten, orduan, izena zikintzeko halako kanpaina basatia sufrituta askatasun-gogoa bera ere galdu duten herriek.
Gizarte heldu orotan, garrantzi handieneko faktoreetako bat, beraz, emantzipatzeko, autonomiarako eta norberaren aukeretan konfiantza izateko desira da, hau da, autoestimu egokia izateko nahia, eta autoestimu horrek, gainera, gizarte horren iraupena bermatzen du.
Gerra-garaian, autoestimua eta duintasun nazionala gudu-zelaian irabazten eta galtzen dira.
Konkistatua eta hainbeste urtean okupatua dagoen gure herri honetan, berebiziko ahalegina egin behar da gutxieneko duintasun nazionalari eusteko, eta, erresistentzia gidaturik eta eraginkorrik ezean, nekez dakar oposizio espontaneorik.
Okupatzaileak, herriko botere latentearen jakitun, herri okupatua, militarki eta ekonomikoki esplotatzeaz gain, azpigarapen ideologikoan atxiki behar du, haren askatasun-desira berriro piztuko duen amodio propioaren zantzu oro ezabatzeko. Rousseauk zioenez, “nahiko erraza da herriak engainatzea; askoz zailagoa, baina, haiek usteltzea”.
Izan ere, konkistatutako herrien erabateko asimilazioa hobeto ziurtatzeko, eraginkorragoa da, eta ez hain neketsua, haien segurtasun eskasean eragitea ideologia baten bonbardaketa jarraituaren bidez, zeinak identitate-bereizgarriak diluitzea helburu duen (are haien historia bera ezkutatuz edo lausotuz ere), setio-egoera iraunkorra mantentzea baino. Izan ere, indarkeria fisikoak, okupazio-egoeretan beti berme bat bada ere, agerian uzten du bizitzarako mehatxu bat dagoela, indarkeria hori modu nabarmenean erabiliz gero, eta horren ondorioa defentsa-erantzun instintiboa ematea izaten da. Herri okupatuetan barneratzeko prozesu horretarako, denbora guztia dute beren alde, bai eta hezkuntza- eta propaganda-agente ugari ere beren zerbitzura. Agente horien artean, zeregin nagusietako bat betetzen dute herri okupatuetakoak bertakoak izanik “engainua” bideragarriagoa egiten dutenek.
Indarraren bitartez menderatutako herria, haren autoestimua murriztuta, gidatu, manipulatu, estutu eta erosi egiten da, sistema menderatzailearen balio eta egiturak dituzten eta sustatzen dituzten gizarte-erakundeetan parte har dezan eta, horrela, sistema hori legitima dezan. Erakunde horiek beren ideologia inposatzen dute eta herri menderatuari ideologia horretan parte harrarazten diote, eta, hala, ukatu egiten dute herria okupatuta daukatela.
Prozesu horren bidez, bezatu eta menderatu dute gure jendearen gaitasun kritikoa. Tankera honetako baieztapenek agerian uzten dute herriak bere egin duen moral biktimista, eta gatazkaren benetako dimentsioaz eta berak gatazka horretan betetzen duen lekuaz ohartzeko duen ezintasuna: “Indarkeria mota oro utzi behar dugu, bizikidetzaren eta bakearen mesedetan”, “arrazistatzat joko gaituzte”, “sentsibilitate [pentsaera] guztiak errespetatu behar ditugu”, “indarkeria gaitzesten dugu, batzuena eta besteena”. Herriari sinetsarazi zaio ezinezkoa dela (eta, are gehiago, beharrezkoa ere ez dela) egoera politikoa iraultzea, posibilismo politikoa koartada edo alibitzat hartuta, mende hauetako guztietako menderakuntzak gaitasuna kendu baligu bezala gure bide propioa askatasunean irudikatzeko.
Estatu totalitario modernoek adierazpen-askatasunaren, irakaskuntzaren, eskubideen, irekitasunaren eta abarren mozorro edo estalki baten atzean ezkutatzen dute beren monopolio ideologikoa, munduan demokrata-jantzian soilik aurkez daitezkeelako, beren jatorrian dituzten eta beren sistemari eusten dioten oinarriak ezkutatuz. Demokrata-plantak egin behar horren barruan daude elkarrizketarako, borondate ona izateko, bizikidetza baketsurako eta abarrerako deiak eta elkartasunerako eta sentimendu onak izateko aipamenak. Horren guztiaren ondorioz, menderatuaren baitan halako errudun-sentimendu bat sortzen da, bide ematen duena, askapen nazionalerako mugimenduei egotzi nahi zaien zaharkitu-kiratsarekin batera, norberarena den guztia desprestigiatzeko besteenaren mesedetan, eta elementu bereizgarriak esfera kostunbristenera baztertzeko (haiek funtsean duten alde politikoa indargabetuta), herria erremediorik gabe desagertzeko bidea ezkutatzen duen “normalizazio” prozesu batean.
Makineria homogeneizatzaileak ez du atsedenik hartzen, eta autoafirmazio-agerraldiak gertatzen direnerako ez zaio baliabiderik falta haien aurka egiteko eta herria diskurtso hutsalekin eta kontzeptu zentzugabeekin entretenituta edukitzeko; horretan, bertako kolaboratzaileekin elkar hartuta dihardu, zeinek postulatu inperialistak legitimatzen baitituzte, demokratak balira bezala. Ez al da gizakiek eta herriek berezkoa duten autodeterminaziorako eta defentsa legitimorako eskubidea hutsaltzeko modu bat delako erabakitzeko eskubidea? Zeurez zarena eta zure erabakitzeko ahalmenarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik zarena erabakitzeko eskubidea? Horra berriz ere engainua: inperialismoaren pean dugun eskubide bakarra men egiteko eskubidea eta etsaiaren promesetan konfiantza izateko eskubidea da.
Espainiako jurisdikzioaren arabera, Espainian ez dago inperialismorik, eta euskal herria ez da existitzen; Espainiako herria baino ez dago. Beraz, Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubideak ez du izateko arrazoirik, existitzen ez denak ez baitu eskubiderik. Logika horren arabera, herri bat ez bagara eta okupatuta ez bagaude, Espainiako herriaren parte gara, eta, beraz, Espainiako herritar gisa ditugun eskubideak baino ez ditugu, eta herritar guztiok erabakitzen ditugu espainiar gisa dagozkigun gaiak. Agindu horretatik abiatuta, ez al da barregarria pentsatzea euskal herriaren existentzia bera sistematikoki ukatu dutenek askapen nazionalaren bidea erraztuko diotela?
Engainatzen ez uztea da herriek bete behar duten lehen araua; izan ere, manipulazio-prozesu horren amaieran herriak emantzipatzeko gogoa galduko balu eta talde nagusiaren ideologia guztia bere egingo balu, herria desagertu egingo litzateke.
“Herri konkistatu eta menderatuari nolabaiteko itxaropena ematen dio bere egoera (konkista- eta menderatasun-egoera) anormaltzat hartzeak eta emantzipatzeko nahiari eusteak, nahiz eta askatasuna lortzeko baliabide militar edo politikorik ez izan. Aitzitik, herria, obeditzea agintzen badu, desegin egiten da egintza horren bidez, eta herritasuna galtzen du”.
Zergatik erakusten dugu gutxiagotasun-konplexu hori azpiratzen gaituzten eta libre bizitzen uzten ez diguten horien aurrean? Zergatik ez diegu erantzuten haien erasoei, amodio propioa duen beste edozein herrik egingo lukeen bezala?
Bada garaia herri gisa harro sentitzeko, etsaia identifikatzeko eta eszeptizismoz ikusteko helburutik gure arreta desbideratzen duen edozein “kontzesio” edo distrakzio dialektiko. Bada garaia behingoz erreibindika dezagun okupatzailearen ideologia neutralizatuko duen lidergoa, gure autoestimua indartuko duena eta posizio estrategiko baterantz politikoki bideratuko gaituena. Izan ere, bakarrik gure benetako egoera ezagutzen dugunean —bake, demokrazia, biktima, normalizazio eta hutsaldutako antzeko kontzeptuen esanahia ulertzen dugunean—, independentziaren aldeko borroka askatasunaren eta justizia globalaren aldeko borroka dela onartzen dugunean, eta politika zientzia bat dela ulertzen dugunean —inondik inora ere ez arau etikoak eta boluntarismoa— eta bere hartan tratatu behar dugula, gai izango gara badaukagun indar hori guztia bideratzeko eta gure herria subjektu politiko aktibo eta independente izatea ahalbidetuko duen ekimen politikoa sortzeko: estatu bat.