Espainiako eta Frantziako estatuek euskaldunon memoria ezabatu nahi izan dute, eta beraiek asmatutakoarekin ordezkatu. Horretarako, eskura dituzten baliabide guztiak erabili dituzte; tartean, hezkuntza. Madrilen eta Parisen diseinatutako hezkuntza sistemaz baliatu dira urteetan zehar, baina oraindik bada, amua irentsi gabe, euskaldunon memoriari eusten dion herria. Historialarien eta ikerlarien lanak ditugu munduari erakusteko hemen herri bat dagoela, eta auzoko estatu “demokratiko” horiek estatu zapaltzaileak direla frogatzeko, ez demokratikoak.
Gaur harrotasunez gogoratuko dugu 778ko abuztuaren 15a. Euskaldunek elkarturik frankoen armada suntsitu zuten eguna, garai hartan zegoen armadarik indartsuenetakoa.
Euren lurraldearen defentsan, borroka eta garaipen haien ondorioz, euskaldunek 824. urtean sortu zuten Iruñeko eta ondoren Nafarroako erresuma izango zena. Hau da, Nafar Estatua; bai, estatua, bere instituzio, lege eta egiturak zituena, gainontzeko estatuek bezala.
Tamalez, ez ziren gerrak bukatu, eta hor ditugu Gasteiz, Noain, Amaiur, batzuk aipatze aldera. Zenbat eta zenbat borroka estatua defendatu nahian. Gaztela eta Frantzia gure lurraldea konkistatuz joan ziren. Lurraldea zatitu, eta ditxosozko muga ezarri ziguten.
Duela 800 urte hasi zen Gaztela euskal lurraldeak konkistatzen; zortzi mende, denbora asko. Baina denboraren joanak injustua izan zena ez du ezabatzen, are eta injustuago egiten du. Ez gintuzten akabatu, ez, baina mende hauetan guztietan errepresioa erabili dute gurekin. Eta orain, gaur egun, asimilaziorantz bultzaka ari zaizkigu etengabe. Ez dute lortu!
Estatua bahitu ziguten eta herriaren zapalkuntza jasaten jarraitzen dugu. Asaldatu egiten gara euskarari eraso egiten diotenean, bihotza ziztatzen digute horrelakoetan. Euskal Herri guztian umeek euskaraz ikasteko aukerarik ez dutenean, edo espainola beharrezkoa denean, euskara ez, eta alemana baloratzen denean, edota udaltzainek euskaraz jakitea derrigorrezkoa ez denean, eta abar eta abar. Noski, haserretu egiten gara injustua delako.
Eman dezagun, ordea, hori ez dela horrela; hezkuntza eta zerbitzuak euskaraz jasotzen ditugula lurralde guztian. Ba, ez, ez da nahikoa. Horrek ez duelako bermatuko geureak direnik. Eskaintzen den irakaskuntza, euskaraz bada ere, ez da gurea izango, eta udaltzainak euskaraz badaki ere, udaletxean geurea ez den bandera egonik, nork agintzen duen eta azken hitza nork duen argi adierazten digu. Berdin dio estatu menderatzaileen perfila nolakoa den. Berdin dio monarkia edo errepublika, ezker edo eskuin, more edo berde den. Guk ez dugu mendeko izan nahi; independente izan nahi dugu, eta kito!
Hemen, libre bizi nahi duen eta merezi duen herri bat dago. Beraz, euskararen alde egin nahi duenak ikusi behar du aginte makila gure estatuak eduki arte euskara ez dela salbatuko, herria ez dela salbatuko. Bere estatuari uko egin ez zion herri honek nazioarteko zuzenbidea du bere alde.
Garbi dago norantz bideratu behar ditugun indarrak. Altxa burua! Ez gara espainolak, ez gara frantsesak! Euskaldunak gara! Euskal estatua gara!
Testu hau 2021eko Askatasunaren egunean, abuztuaren 15ean, Pasai Donibanen emandako hitzaldia da.