Skip to main content
Artikuluak

DIAGNOSIA. ALTXA BURUA: EUSKAL ESTATUA GARA!

By 28 iraila, 2021No Comments

Gaur pentsamendu bat erein nahi dut, hazi bat balitz bezala. Hala, ereinez gero, erneko da abagunea ailegatzen denean. Gaur ez eta bihar ere ez akaso, baina erneko da. Eta altxatuko du burua, esanez “hemen gaude!”.

Eta hemen gaude, hemen eta orain, Orreagako gudua gaurko lako batez gertatu zelako, 778. urteko abuztuaren 15ean.

  • Orreagako guduan Karlomagnoren kontra borrokatu zirenak herri bat ziren: ez ziren frankoak, ez ziren gaztelarrak; baskoiak ziren, euskaldunak.
  • Lurralde zabalean zeuden erroturik: Orreagatik haratago zihoan lurraldean; Iruñea erre eta bidean suntsiketak eta lapurretak egin zituztelako egin zieten eraso frankoei, ez Orreaga bera erre zutelako.
  • Estrategiaz eta argitasunez borrokatu ziren. Halabeharrez izan zen hala; bestela, ez zuten garaituko Europako gudaroste indartsuenetakoa zena: borrokarako tokia aukeratu zuten, Ibañetako mendi gaina; etsaiaren ahulgunea aprobetxatu zuten (gudarostearen atzealdea); bat eginik eta koordinaturik aritu ziren; eta, garaipena lortuta, sakabanatu egin ziren frankoen mendekua ekiditeko. Hori estrategia izan zen.

Orreagako gudua izan eta gutxira, 46 urtera, Iruñeko Erresuma sortu zen, Eneko Arista errege zuela. Zergatik? Ikusi zutelako, atzerritarren erasoen aurrean (izan karolingiarrak, izan kordobarrak) Nafarroako lurrak eta interesak zaintzeko, indarrak batu egin behar zituztela buruzagi militar bakar baten pean. Eta, helburu berarekin, mendez mende egokituz joan ziren garaian garaiko egiturak, erakundeak eta antolaketa: hala, Iruñeko Erreinua Nafarroako Erresuma bihurtu zen.

Eta hedatuz joan zen. Nafarroako Erresumak lurralde eremu zabalena 1004. eta 1035. urteen artean lortu zuen, Antso III.a Gartzeitz edo Antso Nagusia errege zenean.

Gero, gain behera joan gara: Aragoi bereizi zen lehenengo; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aldea okupatu zituzten gero; 1512an Nafarroa Garaia okupatu zuen Gaztelak…

Geratzen ziren botere-egiturak Nafarroa Beherea-Biarno aldera pasatu zituzten, Nafarroako errege-erreginek botereari eusteko.

  • XVII. mendean Frantziako Luis XIII.ak militarki okupatu zituen Nafarroa Beherea eta Biarno.
  • Nafarroako erakunde administratiboetatik Iparraldean geratzen ziren gutxiak Frantziako Iraultzak irentsi zituen, XVIII. mende amaieran.
  • XIX. mendean, gerra karlistetan odolustu ginen (1833-1839); eta, gero, Foruak galdu genituen (Nafarroa Garaian lehenengo, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gero).
  • Apurka-apurka, “geure” izandako erakundeen ordez, besteren erakunde administratiboak edukitzera pasatu gara.

Eta hala iritsi da Nafarroako Erresuma, behinolako loria, egungo egoera zatikatu honetara. Erkidego bitan eta Euskal Hirigune Elkargo batean gaude banatuta, Frantziako eta Espainiako estatuek okupatuta, ustiatuta eta zeharo zatikatuta.

Nafarroako Erresuma, euskaldunon egitura gorena, egungo estatuen pareko izan beharko litzatekeena, honetara iritsi da: ia-ia hondoa jotzera. “Ia-ia” esan dut, gu hemen gaudelako eta, gu bezala, beste euskaldun asko ere bai, honi buelta emateko prest, eguneroko prestalanean, denetariko arloak jorratuz gure euskal izateari eusteko, nork bere aletxoa jarrita.

Eta gaur nire aletxoa pentsamendu hauxe da: inperioen eta herrien loria-aldiak betiko ez diren moduan, beheraldiak ere ez dira betiko.

XX. mendean zehar Jugoslavia zatitu bada, Egipto eta India deskolonizatu badira, Sobietar Batasuna estatu eslaviar mordo batez erditu bada, Frantziak kolonia piloa galdu badu, zergatik ez dira, ba, eroriko Espainia eta Frantzia XXI. mendean? Erabat zaharkiturik dauden estatuak dira.

Ezagutzen duzue “Historiaren Matematikaren teoria”? XX. mendeko katalan baten teoria da (Alexandre Deulofeu). Teoria horren arabera, zibilizazioen garapena ziklikoa da: are gehiago, 1.700 urteko zikloak errepikatzen omen dira. Ziklo bakoitzean, txandaka gertatzen dira bategite-prozesuak eta zatikatze-prozesuak. Bategite-prozesuaren barruan, 500-600 urteko inperioa izaten da, eta hura gero gain behera amiltzen da zatiketara.

Ez dakit zuek, baina nik argi ikusten dut Nafar Estatuak 500-600 urteko loraldia izan duela; baita zatikatze-prozesu luzea ere. Hortaz, zibilizazioen zikloari jarraikiz, orain bat egiten hastea dagokigu; gure errautsetatik birsortzea, alegia. Eta Espainiaren eta Frantziaren erraietatik askatuta zergatik ez da, ba, gure herria berriz loratuko?

Listo! Horra hor nire pentsamendua. Erein dut, hazi bat balitz bezala. Gaur ez, eta bihar ere ez akaso, baina, abagunea ailegatzen denean, erneko da. Eta altxatuko du burua, esanez “hemen gaude!, euskal estatua gara!”.

 

Testu hau 2021eko Askatasunaren egunean, abuztuaren 15ean, Pasai Donibanen emandako hitzaldia da.