Azken agurra eman genion atzo, bai, Iñaki Aginagari. Ekitaldi politiko hunkigarri bat eskaini genion Altzako hilerrian. Bertan ziren, gurekin bat eginik, Iñakiren senideak ere.
Hilerritik gertu dagoen plazatxo batean, gure bi banderez inguraturik, lau hitz eskaini zizkioten bere ikasleak izandako batzuek.
“Politikari itzela”, “jenio politikoa” eta “abertzale zintzoa” izan ziren, besteak beste, hizlariek Iñaki definitzeko erabilitako hitzak.
Berak sortutako ideologiak lasaitasuna eta argia erakutsi izana ere eskertu zioten.
1200eko eta 1512ko gudariekin parekatu zuten Iñakiren balentria, eta etenik gabeko haria irudikatu zuten haien eta gure artean.
Belaunaldi berriak ere aipatu zituzten, Iñakik egindako lanak jarraipena baduela adieraziz.
Eta bere teoria politikoa praktikan jartzeko ahalegina agindu zioten, azkenik.
Plazatik hilobirako bide laburra hileta doinua entzunez eta banderak eramanez egin genuen.
Bertan, agurra dantzatu genion, eta lore sorta bat eskaini.
“Agur, jaunak” abestuz eman genion bukaera ohorezko omenaldi politikoari.