Inperialisten eskuliburuetan, kapitulurik garrantzitsuenetako bat da, konkistatu nahi duzun herria nola zatitu erakusten duena. Hori bakarrik nahikoa izan beharko litzateke gu arazoaz jabetzeko eta gu elkar hartuta ibiltzeko beti. “Gu” esaten dudanean, euskaldunak esan nahi dut. Nonbait, trebeagoak izan dira, eta, min egiten dit esan beharrak, baina trebeagoak izan dira inperialistak bere eskuliburuari jarraitzen gu batasunari eusten baino.
Orreagako guduko heroi haiek bai, ez dut uste inor etxean geldituko zenik egun hartan, ez; egun hartan denok borrokara joan ziren etsaia menperatzeko. Eta baita menperatu ere. Ordea, gerora, ez dugu jakin gauzak horrela egiten. Ez 1512an: bertako batzuk, bertako Estatuaren aurka.
Konpontzen ez direnak gero eta okerrago bihurtzen dira. Karlistadetan, “gu” batzuk besteon kontra, beste Estatu bateko arazoaren inguruan… Zer zentzu du horrek? Ze garrantzitsua den batasuna! Gaur egungo egoeraren komentariorik egin ere ez dut egingo.
Oso hunkigarria da niretzat egun hau eta une hau; nik bai, neure burua bat sentitzen dudalako Orreagako heroi haiekin eta zuekin guztiokin.
Independentziaren arazoa ez da partidu batek konpon dezakeen arazoa, herriak atera behar du Euskal Herria aurrera.
Euskal Herria batu behar dugu! Gora Euskal Herria batuta!
Testu hau 2020ko Askatasunaren egunean, abuztuaren 15ean, Pasai Donibanen emandako hitzaldia da.