COVID-19 birusak mundu osoa astindu du. Alarma egoera deklaratu du Espainiako Erresumak. Larrialdi egoera Frantziako Errepublikak. Zer deklaratu dugu euskaldunok? Zer neurri hartu dugu? Bat ere ez: neurriak Espainiak eta Frantziak ezarri dituzte; berandu, gainera. Horren harira, “babes neurrietan Euskal Herria burujabe izatea nahi dut”, esan berri du Ipar Euskal Herriko Elkargoko presidente Etxegaraik, COVID-19 birusaren aurkako babes neurriei buruz. Neurri ekonomikoei buruz berdin aritu da Euskal Autonomia Erkidegoko Urkullu lehendakaria. Batek baino gehiagok ulergaiztzat hartuko ditu adierazpen horiek, babes neurriak direla edo neurri ekonomikoak direla burujabetzaz bolo-bolo aritzea lider autonomikoak, leihotik bertatik armada atzerritarrak ikus ditzakegun bitartean.
Zer burujabetza motaz ari dira, baina? Nola ote da posible herri bat burujabe izatea babes neurriei dagokionez, baina ez gainontzekoan? Eskumenak arrastaka eskatuak direnean, ez dago burujabetzarik. Ez dago osasun arloko burujabetzarik. Ez dago ekonomia arloko burujabetzarik. Burujabe zara, edo ez zara: guztia politika dela esan ohi da, eta zuzen, gainera; botere politikorik (hots, estaturik) gabe ez gara burujabe. Edozein arlotako erabakiak botere politikoaren ondotik datoz. Autonomiako, elkargoko, erkidegoko… dena delako buru horiek inozotzat gauzkate, edo inozoak dira. Halako aginte postuetara iristen diren politikariak, ordea, ez dira inolaz ere inozoak. Gure aurpegira ari dira gezurretan, hortaz.
Burujabe ez diren herri guztietan bezala, krisiarekin edo krisirik gabe hartutako neurri oro gure aurka erabakiko da. Zelata neurriak hartu dituzte Espainiak eta Frantziak, eta aspalditik gure lurraldeetan dauden armada eta poliziaren presentzia normalizatu, euren buruak salbatzaile balira bezala aurkezten dituzten bitartean txaloen artean. Berrogeialdia amaitzean etorriko diren hondamen ekonomiko eta laboralekin ere antzera gertatuko da: euskaldunok ezer esateko aukerarik gabe jasan beharko ditugu. Independente izan ordez menpeko izatearen ondorioak larriak eta guztiz errealak dira, eta ezinbestekoa da dependentziaren zurrunbilotik irteteko burujabetasunaren ulermen egoki bat izatea, Espainiarekin eta Frantziarekin dugun gatazka luze honen gordinkeria ikusirik soilik ezagutu daitekeena.
“Euskal Herria burujabe izatea nahi dut” esan izan balu Etxegaraik, gaitz erdi. Burujabe izan behar dugulako, ezer izango bagara. Ez dago tartekorik. Politika egiten hasteko unea da; burujabetzarako bidea ez da erreguka eta arrastaka egiten. Etsaiek gure aurkako politikak odol hotzean erabakitzen dituzten bezala, guk ere errealitatea hotz ikusi behar dugu, eta onartu, burujabe ez garen artean zapaltzaileak ez digula oparituko komeni ez zaion ezer; izan ere, haren helburua gure nazioa desagerraraztea da. Eta askatasunerako bide malkartsua ibiliko badugu, gure erabakiak hartu eta betez izango da, ez etsaiaren erabakiak itxaroz, onartuz edo negoziatuz. Parada egokia dugu orain, krisi oro zapalduarentzat zein zapaltzailearentzat botere erlazioa aldatzeko egokiak baitira.
Joseba