Orreaga Taldeak, Aberri Egunerako Pausu-Behobiako deialdia babesteko erabakia hartu bazuen, garai bateko elkarretaratzeetan gure herria bultzatzen zuen erresistentzia politikoaren zentzua berreskuratzeko asmoarekin hartu zuen.
Dagoeneko, urte asko dira erresistentzia politikoaren zentzu hori ohiko efemeride huts bihurtu dela, edukirik gabekoa, euskal herria engainatzen jarraitzeko ekintza sinbolikoa. Espainiako eta Frantziako sistema politikoen parte diren eskualde-gobernuek eta alderdiek bahitu dute askatasun politikoaren aldeko borroka-sentimendua. Hala ere, gure egungo errealitatea ez da aipatutako garaitik batere bereizten; askatasunik gabe jarraitzen dugu erabat; Frantziako eta Espainiako estatu inperialista totalitarioek okupatzen gaituzte.
COVID-19az geroztik ezarritako konfinamenduak Aberri Egunaren hasierako deialdia aldatzera behartu zuen, eta egun horretan ikurrina –Euskal Herriaren ikurra– eta Nafarroako bandera –gure estatu bahituaren ikurra– balkoietatik eta leihoetatik zintzilikatzeko deia egitera, Pausu-Behobiako ekitaldirako egindako Menderakuntzatik askatasunera. Independentzia! manifestuaren eduki ideologiko-politikoa ezertxo ere aldatu gabe.
Deialdi horren ondoren, banderak jartzeko beste dei bat egon zen, Euskal Herria Batera-k egindakoa. Bi deien eduki ideologiko eta politikoak, baina, erabat ezberdinak dira.
Azken horien deialdiak lausotu baino ez du egiten errealitatea; alegia, herri menderatu bat garela, eta inposatutako zatiketa baten biktima. Ez ikusi egiten die frantziar eta espainiar inperialismoei, edo erabat ezkutatzen ditu, zeinek autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea ukatzen diguten (giza eskubideetan lehena, eta beste guztien aurretiko baldintza, NBEren arabera), eta “bi erregimen demokratikotan” bizi garela dioten.
Euskal Herria bat da; hura askatzeko antolatutako erresistentzia ezin da abiatu zapaltzaileak ezarritako hipotesietatik. Euskal Herria Batera-k aurkeztutako adierazpenak aipatzen dituen “lurralde eta eremu administratiboak” halakoak dira. Hipotesi horiek etsaiaren estrategia –”zatitu eta garaitu” leloan oinarritua– are gehiago sakontzea besterik ez dakarte.
Beren estatuaren jabe diren herri independenteentzat, nazioa berresteko festa politiko bat dira halako egunak; euskaldunontzat, berriz, erresistentziarako eta borrokarako ekitaldi politiko bat da Aberri Eguna oraingoz, armen bidez su eta gar inbaditu gintuztelako eta gaur egun ere menderatuta eta okupatuta jarraitzen dugulako.
Borroka-egun horrek euskal esanahi nazionala du, eta argi eta garbi adierazten du Euskal Herriko kide bakoitzaren izaeraren sakonetik sortzen den aldarria, aske izateko eskubidearena, nazioartean gainerako giza eskubideen oinarri eta berme bakar gisa onartutako eskubidearena.
Hori da, eta ez besterik, Aberri Egunak izandako erantzunaz egiten dugun interpretazio politikoa, eta Euskal Erresistentziaren Aldeko Herri Ekimenaren deialdiari dagokiona da, Orreagak bere egin zuen deialdiari dagokiona. Erresistentzia hori ezin da antolatu eta ez da antolatu behar borreroen erakunde politikoen barruan, burokrazia kolaborazionistek nahi duten bezala, zentzugabea baita pentsatzea inbaditu zaituenak eta menderatu zaituenak lagunduko dizula independentzia lortzen. Izan ere, erresistentzia horren helburu bakarra independentzia politikoa lortzea da: euskal estatu nazionala, Nafarroako Estatua berrezartzea.
Erakunde goren horren babespean azaldu ahal izango gara herri gisa munduaren aurrean, eragin ahal izango dugu politikoki nazioarteko kontzertuan eta lortu ahal izango ditugu askatasuna eta demokrazia.