“Guk helburu maximalistak zein minimalistak ez lortzeko, totalitarismoak jarriko duen erresistentzia berbera da. Beraz, egin beharreko indarra berdina da bi kasuetan. Estatu propioa berreskuratzea, finkatzea eta gaurkotzea da herri honek bizirik irauteko duen berme bakarra.”
Hutsalak dira, eta hipokritak, zapaltzen gaituzten estatuak bakez transformatzeko saio guztiak, haien ustezko defizit demokratikoak elkarrizketaren bidea erabiliz ezabatzeko eginak badira. Espainiako eta Frantziako estatuak ez dira inola ere demokrazia defizitarioak, ez eta “autoritario” kategoria baporetsuan sar daitezkeen erregimenak ere: botere-egitura kontzentratuak dira; egitura horiek osatzen dituzten elementu guztiek elkar sostengatzen dute, helburu eta bitartekoen unitate bereizezin bat osatzen dute eta indarrez bakarrik erauzi eta eraitsi daitezke.
Alferrik da, beraz, estatu horiek egiazko demokratizazio batek ekar diezazkiekeen onurez konbentzitu nahi izatea, demokratizazio horren arrakastak monopolio gisa duten botere partikularra galtzea ekarriko bailuke, hau da, haren amaiera.
Motu proprio inork ez du atzera egiten, lortu nahi duen helburuarekiko egoera okerrago batean kokatzeko; are gutxiago egoera berriak bere desagerpena badakar berekin.
Nolabaiteko egonkortasun estrukturala duten tarteko fase edo estadioak ia pentsaezinak baziren antzinako erregimenean, are pentsaezinagoak dira gaur gure instituzio politikoen eta zapaltzaileenen artean. Totalitarismoa esfera sendo bat bezalakoa da, estatu piramidearen erpinean aldamio konplexu baten bidez altxatu eta eutsitakoa. Mugimendurik txikienak ere oreka galaraziko lioke eta piramide horren aldeetako batean leundutako ezpondatik amilaraziko luke lurra jo arte. Hor, lurrean, jendetza aldakor, sumindu eta mendekari bat zain dago gutxienez ere, Shakespearek bere drama klasikoetako batzuetan aipatzen duen ehun buruko munstroa.
Batzuetan, une horren zain dagoen hori ez da jendetza: herri bat da, gobernuaren helburuekin kontrajarriak diren helburu zehatz eta desberdinak dituen herri bat, helburu horiekin askatasuna berreskuratzen edo lortzen duena edo norabide horretan gutxienez pauso nabarmenak ematen dituena tiraniaren behin betiko porrotaren ondoren. Hori bai da benetan erreboluzio bat.
Txertaturik gauden testuingurua kuantitatiboki eta kualitatiboki nabarmenak diren indar guztiek osatzen dute. Testuinguru hori kontuan hartuta eta orain arte esan dugunaren haritik, beraz, estatu propioa berreskuratzea, finkatzea eta gaurkotzea da herri honek bizirik irauteko eta historian jarraitzeko duen berme bakarra; gainera, horrek izan behar du, beste aukerarik gabe, haren helburu politiko berehalakoa.
Helburu hori “posibilismoaren”, “taktika inteligente” baten, “pragmatismoaren” eta abarren izenean beste batzuekin ordezteko saioek, nahiz eta kalaka huts edo amarru “elektoral-subiranistarekin” mozorrotu, kontraesan larria erakusten dute praktikan, eta kolaborazionismoaren eta azpikeriaren sinonimoak dira termino politikoetan.
Izan ere, helburu minimalistak, edo maila politiko estrategikoa du eta, beraz, askatasunaren bidean pauso atzeraezin eta azkar bat da, edo helburu estrategikoki erredukzionista, disolbatzaile eta integratzailea duen maltzurkeria inperialista bat besterik ez da.
Azken kasu horretan, gure interesekin kontraesan nabarian dago; lehen kasuan, aldiz, totalitarismoaren interesekin dago kontraesanean; hortaz, guk helburu minimalista hori ez lortzeko jarriko duen erresistentzia helburu maximalistak ez lortzeko jarriko lukeen erresistentzia berbera da. Ondorioz, guretzat, operazio bataren edo bestearen ahalegin eta kostu soziala berdinak dira; errekuperatze eta desegite estrategikoaren arriskuak, berriz, nabarmen aldatzen dira batetik bestera; horrela aditzera ematen du uneko esperimentu “autonomikoak”, non batzuk zein besteak akuri moduan erabiltzen ari diren herria.
Ez da beharrezkoa Pascal irakurri izana apustua zeinen alde egitea komeni zaigun jakiteko. Gaur, mendetako eraso inperialistari eman behar diogun erantzuna ezin da bestelakorik izan: duela hamar mende baino gehiago eraiki genuen, inoiz uko egin ez diogun eta uko egiteko intentziorik ere ez dugun estatuaren eta gure nazioaren defentsan tinko eta demokratikoki elkarturik egotea.
Helburu horren inguruan eta bakarrik helburu horren inguruan bildu eta antolatu daitezke gaur nafar lurraldean indar demokratiko nahikoak eta beharrezkoak eremu politikoan –hau da, “guztia egosten den lekuan”– behar den kualifikazio eta kopuruarekin sartzeko.