Skip to main content
Artikuluak

OZEN OIHU EGINGO DUGU

By 2 iraila, 2018No Comments

Hemen gaude, berriz ere, egun aipagarri honetan, toki adierazgarri honetan, Orreagako batailan Carlomagno inbasore inperialista garaitu zuten gudariak omentzeko.

Hemen gaude, berriz ere, gure izatea aldarrikatzeko, Orreagako gudarien izate bera den hori aldarrikatzeko.

Hemen gaude, berriz ere, ozen oihu egiteko, lau haizetara, Orreagako heroi haien oinordeko garela eta haien lekukoa harro eramango dugula.

Hemen gaude, berriz ere, ozen oihu egiteko, euskaldunak mendetan egin duten bezala, guk ez dugula amore emango, guk ez dugula etsiko.

Garai bateko eskolastikoek, eta ondorengo berpizkunde garaiko eta aro modernoko filosofo eta zientzialariek, aurretik izandako pentsalari klasikoek eginiko lanaren garrantzia aitortzeko eta beraien lanak haienean oinarri zuela adierazteko, esamolde bat egin zuten ezagun. Hona gutxi gorabehera zer zioten: urrunago ikusteko gauza izan bagara, ez da izan gure ikusmenaren zorroztasunagatik, ezta gure altueragatik ere; aurretik izandako erraldoien soinburura igo garelako baizik.

Bada, euskaldunok, guk ere, baditugu gure erraldoiak: garai bateko Bagaudak, Orreagako gudariak, Eneko Aritza, Santxo Ramirez, Santxo Jakituna, Pedro de Nabarra mariskala, Etxepare, Joana IIIa, Leizarraga,  Oihenart, Matalas, Xaho, Zumalakarregi, Sagaseta Ilurdozkoa, Iturralde-Suit, Arana-Goiri, Campion, Ortueta, Aginaga, eta zuek buruan dituzuen beste asko.

Lehenago ere esan dut ez dugula etsiko. Gu bagara gauza aipatutako euskaldun adoretsu horien lekukoa hartu eta aurrera egiteko. Ez guk inolako dohain berezirik dugulako, ez, aurretik izan ditugun  erraldoi guztien soinburura igo garelako.

Gure Nafar estatua defenditu zutenen soinburura igota gaudelako ikusi ahal izan dugu zein den askatasunerako bidea. Horregatik dakigu ezin daitekeela autodeterminazio eskubidea etsaiekin partekatutako erreferendum batekin nahastu; horregatik dakigu aldebikotasuna beraien estatua indarrean duten herrien arteko kontua dela, estatuen arteko kontua alegia, ez estatu baten eta haren mende bizitzeko gertu daudenen artekoa. Horregatik dakigu zeharkakotasuna (zeharkakeria esango nuke kasu honetan) inperialismoaren beste amarru bat baino ez dela, kanpotarrak euskaldunen gainetik jartzeko gure lurrean: aipatutako erraldoiak, zuek eta ni GU gara; baina espainiar eta frantses inperialistak, zuek eta ni, EZ GARA GU. Horregatik dakigu bere aurrekoak ahaztu, bere erraldoiak ahaztu, eta historia azken urte hondarretara laburtzen duen herriak ez duela etorkizunik.

Inperialistek ere badituzte bere erraldoiak, erraldoi inperialistak, jakina. Bi aukera besterik ez daude, gure erraldoien soinburuan gaude ala inperialista espainol eta frantsesen erraldoien hankapean. Horregatik dakigu ezin dela estatua berreskuratu kontzertu ekonomiko bat oinarri hartuta, horregatik dakigu ezin dela estatua berreraiki inperialisten egituren barruan sortutako nolanahiko erakunderen gainean. Horregatik dakigu autodeterminazioa eta burujabetza gauza bera direla, eta ezinezkoa dela burujabetasunik gabeko demokraziarik eta bakerik. Horregatik dakigu hemen ezer ez dela gure esku izango askatasuna lortzen ez dugun bitartean.

Oihu sakonak, oihu benetakoak ez dira eztarrian sortzen sabelaren hondoan sortzen dira, erraietan, baina horretarako gizakiak bere buruaren jabe izan behar du, gizaki librea izan behar du herri libre baten. Ez gaude bakarrik, gure erraldoien soinburuan gaude, gogor lan egin beharko dugu, baina lortuko dugu Gure Herriaren askatasuna eta oihu sakon ozen batez Orreagako gudariei eta aurretik izan ditugun eta ondoren etorriko diren euskal erraldoi guztiei eskainiko diegu.

Bitartean, hemen gaude, berriz ere, ozen oihu egiteko “herriak bizi behar duela, aberri bidea egin behar dugula”