Skip to main content
Artikuluak

Abuztuaren 15ean Santutxoaren aurrean irakurritako testua.

By 26 abuztua, 2018No Comments

Hemen atzean idatzita dago bertako jende bat joan zela Orreagara Karlomagnoren aurka gerra egitera, eta hura garaitu zutela.

Euskal Herriaren, Nafarroaren askatasunaren alde borrokatu zuten. Erabat barneratua zuten herri kontzientziak eraman zituen harantz.

Gaur, mende askotako zapalkuntza batek herri kontzientzia hori asko ahuldu digu. Ba dirudi ez daukagula borrokarako behar adina grinarik ez indarrik.

Baina herria ez da hil. Asko gara arbasoen herri kontzientzia hura mantentzen dugunok.

Ez daukagu beste aukerarik: berriro indartu behar dugu independentziaren desioa; arrazoiaren indarra, indarraren arrazoia bihurtu arte, herri bat ezin baita menpekotasunean bizi.

Borroka ideologikoan ezin digute irabazi. Hori esatera etorri gara hona. Herri menderatu baten konplexuak astindu behar ditugu, eta burua aske sentitzen dugularik, gure ideologia landu, etsaiaren parametroetatik eta markoetatik kanpo. Marko horietan, gu menpean izateko sortutako instituzioetatik, euren legalitateak ezarritako instituzio horietan, ez dugu aurkituko askatasunerako biderik.

Bide hori aurkitzeko, ezinbestekoa da gure errealitatea zein den barneratzea. Gu ez gara demokrazian bizi, ez bai gara herri libre bat, herri zapaldu bat gara. Hori da ikusi behar dugun lehen egia.

Bigarrena, menpeko herri batean ez dagoela bakerik. Traizioa egingo genieke gure arbasoei, bakean bizi garela onartuko bagenu.

Aurreko bi errealitateak barneratzeak erresistentzian bizitzea dakar; ez dago beste auturik. Eta erresistentzia horretan bizi ahal izateko, sekulako indargune ideologiko bat dugu: gu estatu bat izan ginen, eta estatu bat gara: gure instituzioak indarrez ordezkatu zizkiguten.

Guk ez diogu inoiz uko egin ez gure estatuari, ezta gure instituzioei ere.

Erresistentziaren antolakuntzak eramango gaitu indarrez kendu zizkiguten instituzioak aktibatzera, eramango gaitu independentziara.

Bitartean, Eneko Bidegainen hitz batzuk aipatuko ditut:

Herriak askatasuna behar du, baina askatasunerako bidea egiteko, ezinbestekoa du bere herri kontzientzia aktibatzea, zabaltzea eta indartzea. Hori herri mugimenduaren berraktibatzetik etorriko da, baina baita ere gure eguneroko lanean eta bizian dauzkagun ohituretatik. Bakoitzak, bere lanean eta etxean, egunero, euskal naziotasuna duen herritar gisa funtzionatuz gero garatuko da herri hau herri gisa, handituko da hizkuntza, batuko da herria… Eta hortik dauka etorkizuna: komunikabideetako lerroburuak helburu dituen politikatik aparte, xumeki, xehe-xehe.

Enekok idatzitakoaren ondoren, eta bukatzeko, horrela errematatu nahi nituzke bere hitzak:

Berak aipatutako norbanakoaren ahaleginez gain, gure instituzio propio bat sortzen saiatu behar dugu, norbanakoaren borroka hori babestu eta ordezkatuko duen zuzendaritza bat.

Herri honek Independentziaren alde egin dezakeen indar guztia ordezkatu, elkartu eta estrategikoki bideratuko duen instituzio baten sorrera bultzatzeko dugun prestasuna gogorarazi nahi genuke, eta beste behin ere, helburu hori gauzatzeko bat egiten duten guztien bidaide —maila bereko bidaide— izateko nahia agertu.

Herriak bizi behar du; egin dezagun aberri bidea.