Jesus Etxeberria (Orreagako kidea)
Aurten, abenduaren bukaera aldera, Espainiako Gobernuko presidenteak deituta, espainolek Madrilgo gorteetarako ordezkariak hautatuko dituzte botoa emanez, eta, ondoren, Espainiako Gobernuko presidentea izendatuko dute bozketa horren arabera.
Espainiako partiduak dagoeneko hor dabiltza beren hautagai-zerrenda itxiak prestatzen. Baina ez haiek bakarrik: beren burua abertzaletzat aurkezten dutenak ere horretan dabiltza, harrigarria bada ere. Izan ere, horrek “gurekin zerikusirik ez” duela esatea izango litzateke berez eta hasiera batean logikoena, baina kontua da berezkotasun hori eta logika hori gutxiengo batenak direla, oraingoz behintzat, jendea botoa ematera batere jarrera kritikorik gabe joaten baita etengabe eta aldiro-aldiro bozketen turuta-hotsera.
Abstentzioa, menderatzen gaituztenen indarrek norbera ez irensteko mekanismo bat izateaz gainera, ekintzarako tresna bat da, eta, egoki eta behar den orduan erabiliz gero, oso arma politiko eraginkorra da, kosturik apenas duena. Parte hartzeak, aldiz, nozitzen dugun sistema legitimatzea eta hartan barneratzea dakar berekin, bai eta Hegoaldeko euskaldunak espainolak direla eta Iparraldekoak ez direla onartzea ere. Gainera, subiranotasuna gorte horietan ordezkatuta dauden guztiengan datzala aitortzea da, eta, hortaz, Hego Euskal Herria subjektu politiko izateko aukera baztertzea, eta, bestalde, parlamentari guztiek, baita abertzaleek ere, nahiz eta nahi dituzten erreparo guztiak jarri, Espainiako Konstituzioaren zina egin beharko dute. Hori guztia, nahi badugu eta ez badugu, erantzukizunak alde batera uztea da, eta bestearen mendean jartzea eta zipriztintzea oso modu larrian, zertarako eta ezin emaitza eskasagoa, urriagoa eta txarragoa ateratzeko.
Hala ere, hauteskundeetan parte ez hartzea ez da absolutu bat: estrategia eta taktikaren arabera aztertu behar da. Iparlako aipu bat dakart hona: “Oposizioak hauteskundeetan izango duen taktika estrategiaren arabera zehazten da, eta hori indar-erlazio orokorraren, ezarritako erregimenaren nolakoaren eta momentuaren eta egoera konkretuen araberakoa da”. Kontua da, ordea, hemen ez dugula estrategiarik, oraingo hauteskunde horietan parte hartzeko baldintza horiek guztiak ez direla betetzen.
Ikusirik orain arte hauteskundeetan parte hartuta inondik inora ere ez dela aldatu indar-erlazioa, bi hauetako bat izango da, nonbait, gure herriari ez dagozkion hauteskunde batzuetan parte hartzeko arrazoia: estrategiarik ez izatea –halakoetan, estrategia baduen horren indar zentripetoak berekin eramaten gaitu arrastaka–, edo independentzia lortzerik ez dagoela pentsatzea eta ezarritako sisteman ahalik eta ondoena egokitu nahi izatea.
Amaitzeko, Iparlan argitaratutako beste esaldi bat ekarri nahi dut hona. Aspaldikoa da, 1979koa gutxi gorabehera. Orduan gure herria, nazioarteko aditu askoren iritziz, lehenengo postuetan zegoen independentzia eskuratu behar omen zuten herrien artean. Gaur, berriz, hogeita hamabost urte geroago, ikusi besterik ez dago nola gauden: erori egin gara zerrenda horretatik, eta beste batzuek aurrea hartu eta sekulako aldea atera digute. Honela zioen Iparlak: “Zapalkuntza, doilortzea eta umiliazioa ere logikaren arabera zabaltzen direnean, erresistentzia espontaneora mugatu duten herriaren kontra errepresioak gainez egiten duenean, propaganda faxistaren mundu mailako zirkuituek isilarazitako herriaren izena zikintzen eta galtzen dutenean, gogoan izan dezala «euskal» hautesleak berak legitimatzen dituela, berak finantzatzen dituela eta berak hornitzen dituela «demokrazia espainiar berriaren» estrategia, agenteak eta armak bere botoekin”.
http://www.berria.eus/albisteak/117781/zer_arraio_egiten_dugu_madrilen.htm