Skip to main content
Artikuluak

Independentzia ez da helmuga, abiapuntua baizik

By 17 urria, 2014No Comments

Gaur egungo mundu honetan, estatu propio baten beharra nahitaezko baldintza da existitzen jarraitu nahi duten herri-nazioentzat, estatua baita beste estatuek indar erlazioan maila berean onartzen duten antolakuntza politiko bakarra; ez dute onartzen hortik beherako beste edozer gauza (autonomiak, herriak, nazioak, estatutuak, eta abar), ez baitie ekartzen inolako arriskurik euren hegemoniari.

Aldi berean, nahiz eta gaur egun demokrazia itxura eman, estatuak ez dira ezerezetik sortu; guda eta odolaren ondorio dira. Gure herria bitan zatituz, zergatik doa, bestela, frantziar eta espainiar estatuen arteko muga Irundik Portboura? Noizbait bi estatu horien arteko indar erlazioak puntu horretan orekatu zirelako, eta, ondorioz, gaur egun batak bestea onartzen du eta, aldi berean, munduko beste estatuek ere onartzen dituzte bi estatu horiek, marra hori gainditzen ez duten bitartean, esan bezala horretarako herri bat bitan zatitu behar izan arren.

Estatuek homogeneotasuna beharrezkoa dute bizirik irauteko, eta badakite duela urte asko biolentzia fisikoaren bidez berenganatutako lurraldeetan dauden herri zapalduak desagerraraztea beste biderik ez dutela, existitzen jarraitzen duten bitartean arazo politiko bat baitute.

Baina, XXI. mendean, ezinezkoa da munduaren aurrean zapaltzaile irudia ematea. Eta, horregatik, metodo berriak asmatu dituzte; alde batetik, zapalkuntza egoera horri demokrazia itxura eman ahal izateko eta, bestetik, zapaldutako herriek zapalkuntza egoera horren kontzientziarik izan ez dezaten. Gure ingurura begiratzea aski da adibideren bat aurkitzeko:

—Lurralde okupatuetan hauteskundeak antolatu.

—Herri okupatuetako bizilagunei indar erlazioak alda ditzaketen erabakiak hartzeko boterea dutela sinetsarazi.

—Zapalkuntza mantentzeko sortzen dituzten bitartekoek gizarte okupatuan irudi arrotza izan ez dezaten, izen erakargarriagoak jarri (lehendakari, president, Pais Vasco, PP vasco, Parlamento Vasco, Partido socialista de Euskadi, Unión del Pueblo Navarro…).

—Herri zapalduak zapalkuntza egoerari buelta emateko sortzen dituen ekimenak deuseztatu, eta zuzenean deuseztatu ezin dituztenak normalean diruaren bitartez sistemaren barrura erakarri (ikurrina, ikastolak, euskaltegiak, sindikatuak, partidu politikoak…).

—Zatitu eta irabaziko duzu politikaren aplikazioa (Hegoaldea-Iparraldea, Nafarroa-EAE, Nafarroako eremu linguistikoak, sakabanaketa…).

—Zapaldutako herriak okupatuta dagoela salatzeko aukerarik izan ez dezan, gatazka eremu politikotik eremu pertsonalera eraman (Zer egin dizu zuri zure auzoan bizi den PP/PsoEko zinegotziak, ba? Oso majoa da eta!).

Esan bezala, hori guztia ulertzea, onartzea eta eguneroko jardun hori kontuan hartuta moldatzea nahitaezkoa da askatasuna berreskuratu nahi duten gurea bezalako herri zapalduentzat.

Ez dago erdibiderik. Politikak nola funtzionatzen duen ez ulertzeak zuzenean pentsarazten dizu zapaldu nahi zaituen demokraziak ekarriko dizula askatasuna. Kontraesan izugarria adierazten duzu, herri zapaldua zarela esan eta zeure borondatez zapaltzailearen sisteman sartzeko sekulako ahalegina egiten baduzu.

Herri zapalduek, edozein erabaki hartu aurretik, gauza bat argi izan behar dute: herri zapaldu batean bizi diren, ala erabakiak hartzea posible den demokrazia batean bizi diren; baina biak batera ezin dira izan.

Joseba Ariznabarretari askotan entzun diodan bezala, herriak galbideratzea oso zaila da, baina, zoritxarrez, herriak engainatzea oso erraza da.

Frantzia eta Espainia egunero ari dira gu engainatzeko ahaleginetan, demokrazia baten bizi garela esanez, baina hori ez da okerrena, hori politikari buruzko gidaliburu sinpleenean ere azaltzen baita horrela egin behar dela. Okerrena da euren burua herri honen gidari politikotzat daukatenek gezur hori sinetsi eta onartu egin dutela.

Herri hau desagertu aurreko azken fasearen atarian jarri dute: etsaiak noizbait zu zein ona zaren konturatu eta orduan aske utziko zaituela posible dela sinesten duzun momentu kritikoa, alegia.

Ez gaitzatela engainatu, etsaiak proposatzen duen demokraziak helmuga bakarra du: Nafar Estatuaren desagerpena.

Ez nuke idatzi hau ideia negatibo batekin bukatzerik nahi; kalera irtetea aski dut Euskal Herriak bizirik jarraitzen duela sentitzeko, demokrazian bizi ahal izateko askatasuna berreskuratu nahi duen eta esfortzu bat eskatu zaion bakoitzean elkartasunarekin jokatzen duen herri bateko kide naizela sentitzeko. Indar hori da herri honek duen aktiborik handiena, eta, hain justu, indar horrek berak beldurtzen du etsaia.

Baina etsaia jabetzen da, era berean, aspaldi honetan ez dugula jakin izan indar hori guztia askatasuna berreskuratzeko bidean nola jarri, lidergo politikorik ez duen herri bat garela, alegia.

Alexandro Handiak esan omen zuen bildots batek gidatutako lehoien armada bati baino beldur handiagoa ziola lehoi batek gidatutako bildotsen armada bati.

Herri izaerak ematen duen indarra, berezkoa dugun kemena eta askatasun grina dira gure herria lehoien armada bihurtzen duten ezaugarriak. Sor dezagun, behingoz, merezi dugun lidergo sendoa, independentzia abiapuntua eta ez helmuga izango dela ulertuko duen gobernu propioa, alegia.