Skip to main content
Artikuluak

Zu eta ni “gu” al gara?

By 24 iraila, 2014No Comments

Gexan Errotabehere Orreagako kidea

Atzerritar instituzioetan parte hartzen duten guziak eta herri bezala ordezkatzen eta menderatzen eta libreak ez izatera kondenatzen gaituzten guztiak ez dira kolaboratzaile sinpleak: engranaje horretako parte zuzena dira!

Parte horri esker ez balitz, indar okupatzaileak ezingo lirateke beste minutu erdi bat ere izan gure lurretan.

Beraz, kolaboratzaileak izateaz gain, agente aktiboak dira!!! Euskal herritarrok politikaren izaera eta esentzia zein den eta inperialismoa zer den ongi ulertu behar dugu, gure inguruan zer gertatzen ari den eta menderatzaileak zein pauso ematen dituen jabetzeko une oro.

Gure estatua bahitua duten estatuei, frantziar eta espainiar estatu totalitarioei, zera komeni zaie, hain zuzen ere, euren helburuak lortu ahal izateko: estatu demokratikoaren itxura hartzea.

Baina kontuz! Itxura baino ez da, herri okupatuetan ez baita demokraziarako lekurik, inposizio mozorrotuarentzat baizik. Alegia, Espainiak eta Frantziak gure lurretan aplikatzen dituzten hauteskundeak, legeak eta abar, inposizioaz gain, tranpa baino ez dira.

Okerrena zera da: egoera horretan, guk baimentzen eta legitimatzen dugula zapalkuntza hori!

Herri hau iruzur batean dago murgildurik; etsaiaren instituzioetan parte hartuz, jokamolde infraestrategiko batean dabil. Instituzio horiek, izan ere, antolatzen eta baimentzen dituzten estatuen komenientziarako baino ez dira (inperialismoaren onurarako eta gure herriaren kalterako). Kolonizazioaren higadura luze bezain sakona pairatzen dugu, beraz, etengabe, desagertu arte.

Menderatzaileen amarruan zepo erortzen gara euskaldunok behin eta berriz. Herriak etsaiak eskaini (inposatu) dizkion betaurrekoak onartu eta jantzi ditu; hor ibilki da herria errealitate desitxuratu horretan, nora ezean, bere etorkizuna nola antolatu asmatu ezinik.

Baina duintasuna berreskuratu behar dugu. Nafarrok edo euskaldunok (gauza bera baita) estrategia egokia sortuko duen klase politiko propioa behar dugu. Herriko ideologia propioa eta gure estatu-instituzioak eta gobernu propioa ezartzea ezinbestekoa dugu, gure estatuaren askatasuna berreskuratuko badugu.

Hori urgentziaz egin behar dugun lehendabiziko urratsa edo lana da! Menderatzaileen instituzioetan gurea eraikitzen (edo, hobeki esanda, berreskuratzen) utzi edo baimenduko digutela pentsatzea uste inuzente bezain ustela da; okerreko ustea!

Etsaiaren helburu bakarra gu desagerraraztea da. Guk, euskaldunok, kultura eta pedagogia politikoa landu beharra dugu, beraz. Ideologia lantzea ezinbestekoa dugu, independentzia lortu nahi badugu, hori baita estatu baten lehen zutabeetariko bat (beste hirurak ekonomikoa, militarra eta instituzionala dira).

Burujabetasuna berreskuratu behar dugu, eta, horretarako, independentziara garamatzan estrategia politikoa bermatuko digun lidergoa behar dugu gure lurretan, gure herrian, guk geuk (herritarrok) agindu dezagun subjektu politiko gisa.

Boterea eskuratu behar dugu, eta, horrekin batera, duintasuna! Mendekotasunarekin hautsi behar dugu behingoz!

Ez dezagun, beraz, arrotz diren instituzio eta jokalekuetan, euren “legalitatean” parte hartu. Gurea berreskura dezagun.

http://www.iparraldekohitza.info/2014/09/19/zu-eta-ni-gu-al-gara/