Skip to main content
Artikuluak

Independentziarik gabe, botererik ez

By 15 uztaila, 2014No Comments

Duela gutxi, subiranotasunik gabeko herri menderatu bat garela argi erakusten duen notizia bat irakurri dugu: Hego Euskal Herriko bi administrazioetan Espainiak dituen bi ordezkariek bultzaturik, eta Espainiako «justiziak» onarturik, «gure» instituzioek onartutako 900 ekimen salatu eta atzera bota dituzte.

Udalek, aldundiek eta EAE edo Nafarroako gobernuek (horrela deitzen zaie, nahiz eta, ikusten denez, ez duten asko gobernatzen) onartutako ekimen horiek euskara, gure kultura, gure ekonomia eta abar hobetzeko neurri gisa onartu zituzten. Eta, hara non, Espainiak ezetz esaten digun, neurri horiek (Espainiako) legeen aurka doazela, (Espainiako) konstituzioaren aurka doazela, eta zapuztu egiten ditu.

Horrek zenbait gauza pentsarazten dizkit:

– «Gure» instituzioak, Bidasoaz hegoaldean, Madrilen sukurtsal hutsa besterik ez dira. Gauza batzuk erabaki ditzaketenak, baina, kontuz!, pasatu gabe. Eta hori ez da ez gobernu, ez autogobernu. Subiranotasunik ez duen Herri bat gara, indarrez kendu zigutenetik, eta egoera hori ez da aldatu. Menderatzaile-menderatu erlazioa dugu Espainia eta Frantziarekin, eta menderatuak, noski, euskaldunok gara.

– Egoera honetan, ez dago demokraziarik, ez marko demokratikorik. «Gure» instituzioetako erabakiak botoen legitimitatea duten pertsonen erabakiak direla dio notizian, baina boto horien bitartez legitimatzen dena Espainiaren boterea da. Ez dute Euskal Herria ordezkatzen, ezin dute askatasunez lan egin, estatu arrotzen botereen menpe baitaude. Hauteskundeek soilik ez dute bermatzen demokrazia, eta gure Herria horren adibide garbia da.

– Euskal Herriak, independentzia lortzen ez duen bitartean, ez du demokraziarik ezagutuko. Independentzia lortu ondoren saiatu beharko dugu gure Herria herri demokratiko bat izan dadin. Bitartean, nola esan dezakegu zapaldutako herria, arazo nazional bat duen herria, demokrazian bizi dela?

– Herriaren instituzioak, Herriarentzat lan egiteko, ezin dira izan beste herri batek emanak eta kontrolatuak. Lan horretarako baldintza beharrezkoa gure Herria askea izatea da. Herri independenteek bakarrik izan ditzakete instituzio propio askeak. Eta, noski, Euskal Herria ez da independentea, «gure» instituzioak ere ez. Horregatik, boterea dutenek botatzen dituzte atzera Espainiak hemen dituen instituzioetako erabakiak. Nahiz eta hauteskundeen bidez demokraziarik eza demokraziaz mozorrotu nahi izan, inperialismoa agerikoa da, zeren eta arazo nazionalak bere horretan dago.

– Instituzio propioek Herriarentzat askatasunez lan egiteko beharrezkoa den independentzia ezin da gaur egun ditugun instituzioetatik etorri, askatasuna ukatzen digutenek emanak eta kontrolatuak baitira, eta ezbaitira inoiz haien interesen aurka joango. Independentzia lortzeko estrategiak etsaiaren instituzioetatik kanpo kokatua egon behar du, aldameneko bi estatuen kontrolpetik at. Soilik esparru horretan lan eginaz lortuko dugu independentzia.

Asier Ezpeleta Jauregi

Orreagako kidea