http://paperekoa.berria.info/iritzia/2014-01-07/004/001/menderatuen_arrazoia.htm
MIKEL ERAUSKIN
ORREAGAKO KIDEA
Ez da inondik ere gure asmoa besteren galtzetan sartzea, eta artikulu honetan Katalunia aipatzen badugu, hango prozesua gure herriaren geroaz jardutean aspertzeraino aipatzen ari delako baino ez da, sarritan aipatzen ari delako —eta ia beti goraipatzen? eta imitatu beharreko prozesu bat balitz bezala aurkezten delako.
Katalunian egin diren urratsen artean, guk ere ikusten ditugu interesgarriak direnak eta egoki kudeatuz gero arrakastatsuak izan daitezkeenak. Baina bitxia da, urrats horiek ikusten dira gutxien gurean: Estatua aldarrikatzea berehalako helburu bakar gisa (estatus berria, marko demokratikoa eta antzeko eufemismoak baztertuta), herria aktibatzea alderdien zain egon gabe, eta abar. Gure inguruan, baina, datorren urtean egin nahi duten kontsulta famatua da etengabe errepikatzen dena.
Eta sustraiak bota ditu ideia horrek gurean, bidea egingo duela dirudi, alderdi politiko guzti-guztiak gehitu baitira erabakitzeko eskubidea esaten zaion prozedura horren aldarrira. Bidea egingo dugula diogunean, ordea, prozesu horren teorizazioaz ari gara, praktikan ez baitiogu aurrera egiteko aukerarik txikiena ere ikusten.
Katalunian 2014ko azaroaren 9an egin nahi duten kontsulta hori ez da egingo. Eta, hain zuzen ere, erabakitzeko eskubideak eskatzen duen baldintza oinarrizkoena ez delako betetzen ez da egingo. Hemen ez da demokraziarik. Ez gara esan gabeak, baina, errepikakorrak suertatzearen arriskua hartu nahiago dugunez errazkerietan erori baino, berriz azalduko dugu inoiz hutsik egiten ez duen ekuazioa: demokrazia dagoen tokietan, ez da arazo nazionalik, eta, arazo nazionalak daudenetan, ez da demokraziarik; Espainia ez da demokrazia bat, ez bere herritarrei dagokienez, herrialde totalitario bat delako, eta are gutxiago menderatzen dituen herriei dagokienez (totalitarismo inperialista).
Erabakitzeko eskubidea Espainiaren oniritzia lortzeko proiektu-esperantza txatxu bat baino ez da. Baina Espainiak, bere izaera totalitarioaren ondorioz, ez du inoiz onartuko bere boterea arriskuan jar dezakeen proiekturik, jakin badakielako monopolizatzen duen botere politikotik datozkiola bere indarra eta sendotasuna. Badaki monopolio hori dela bere sistema osoaren zimendu garrantzitsuena eta ezin duela kontrako norabidean urratsik txikiena ere egin ez baldin badu sistema osoa erortzen ikusi nahi. Horrek ez du esan nahi, noski, gobernu totalitario bati gailentzea ezinezkoa denik, baina balio beharko liguke askatasunaren bidean etsaiaren aldetik urratsik txikiena ere ez espero izateko.
Espainiak ez du inoiz onartuko beretzat asimilatzeko edo errekuperatzeko modukoa ez den proiekturik. Edo, beste era batera esanda, Espainiak proiekturen bat onartzen duen momentuan, proiektu hori ez da guretzat balekoa izango. Espainiari «inplikazioa», «heldutasun demokratikoa», «malgutasuna», «urratsak» eta antzekoak eskatzea politikaren eremura subjektu moduan jauzi egiteko dugun gabezia historikoaren adierazle gaurkotua baino ez da, eta herri honek merezi ez duen lidergo politiko ezgai bat duelako hamaikagarren adibidea.
Urrats taktikoa dela ere entzuten dugu sarri. Arrazoibide horren arabera, kontsultak helburu zehatz bat du, Espainiaren ezezkoa eta debekua, horrela irekiko omen direlako begi asko, orain arte Espainia estatu demokratikotzat jotzen zutenak. Hala, izaera antidemokratiko horretaz konturatzeak ekarriko omen ditu independentista berriak.
Guk ez dugu inolako arazorik independentzia bidean egin daitekeen edozein urrats taktiko babesteko, baina erabakitzeko eskubidearen alde aritzea ez da independentziarako bidean aurrerapauso bat, barkatu ezinezko akats politikoa baizik.
Erabakitzeko eskubidearen aldarriak gurea bezalako nazioarteko arazoak estatu baten barne-gatazka bihurtzen ditu de facto. Gurean, Sahara, Kuba, Aljeria edo Filipinetan zuten arazo bera dugu: estatu inperialista batek (bik) okupaturiko herri bat garela, berezitasun bakarrarekin; gure lurraldeen eta gure etsaien lurraldeen artean ez dagoela itsasorik. Hori ulertzeko gai ez diren independentista berrietan ez dugu sinesten.
Bistan da lan nekeza dela inperialismoaren atzaparretatik ihes egitea. Hala ere, bada kontu bat oso erraz irabazten dena, aurrez irabazia dagoelako: menderaturiko herriek beti dute arrazoia. Aske izateko eskubidea dugu, berez. Gure askatasuna ez da bozkatzen. Inork ez du gu mendean hartzeko eskubiderik, gu baino gehiago izan arren. Arrazoiak, besterik ezean, ez gaitu aske egingo, baina arrazoiari uko eginda, ezinezkoa izango da.
Gure askatasuna bozkagai bihurtzeak inperialismoak inoiz amestutako bukaerarik perfektuena dakar. Gure oinarri soziala nahi adina aldatu ondoren (bonbardaketak, fusilamenduak, deportazio masiboak, immigrazioa, hezkuntza eta propaganda monopolioen doktrinatzea…) galtzeko arriskurik ez dutela uste dutenean, orduan agian bai, orduan baimenduko dizkigute nahi adina kontsulta (horra hor Quebec, Gibraltar eta Malvinak), eta inperialismoak inoiz amesturiko epitafiorik ederrena idatziko du gure hilarrian:
Hemen datza inoiz herri bat izan zena. Asimilatua eta likidatua izan zen, herrien historiatik desagertu zen behin betiko, baina demokratikoki izan zen, inork behartu gabe, eurek hala nahi izan zutelako, hala bozkatu zutelako.
Iragarpen beldurgarri horri bidea erraztea edo ez, gure esku dago.