Skip to main content
Artikuluak

Putxerazoa: Inperialismoaren beste teknika bat

By 12 iraila, 20124 azaroa, 2012No Comments

Asier Ezpeleta Jauregi

Orreagako kidea.

Guztiz asaldaturik gabiltza espainolek gure herriaren errolda artifizialki aldatu nahi
dutelako, tranpa edo putxerazo demografiko bat gauzatuz. Baina kontutan hartu,
España estatu inperialista bat den heinean eta biolentziaren monopolioa duen heinean,
beste “tranpatxo” batzuen artean (medioen monopolioa, torturak, erailketak…),
demografia beraien mesedetan aldatzearen “trikimailu” hau ez dela berria gure herrian
(subiranotasuna indarrez kendu zigutenetik etengabe erabili dute). Euskal Herrian herri
desberdinen elkarbizitza dago, baina ez kondizio berdinetan: batzuk zapaltzaileak dira
eta besteak zapalduak. Ezin da zapaltzaile eta zapaldua, biak izan. Ezin da espainol
eta gure herri zapalduko herritar, biak izan. Ezinezkoa da. Oraingo “trikimailu” hau,
balantza demografikoa zapaltzaileen aldera eramateko beste saiakera bat besterik ez da.

Guzti hau, Españako Estatuaren osotasuna mantentzeko estrategiaren taktika da,
bide batez, gure Herria independentziara eramango duen autodeterminazio eskubidea
indarrez zapalduz. España, argi gera bedi, estatu inperialista bat da, demokrazia zer
den jakin ere ez dakiena. Ez dago demokraziarik herri batek beste bat zapaltzen duen
estatu batean, ezin da “marko demokratiko” bat sortu. Demokrazia gure Herriaren
askatasunarekin hasiko da, bien bitartean ez; nahiz eta astero hauteskundeak konbokatu
(beraiek sorturiko instituzioetarako, beraiek nahi dutenean, nahi duten lekuan, eta,
ikusten ari garenez, beraiek nahi dutenen parte hartzearekin).

Gaur Herri honetan dauden instituzioak eta hauteskundeak, espainiar estatuak “eman”
dizkigun tresnak dira, gaur egungo egoera bere horretan mantentzeko, eta ez dira inoiz
sortu dituenaren boterearen kontra erabiliko. Ez da posible. Botere hori da jokatzen
ari garen jokoaren jabe. Arauak beraiek jartzen dituzte eta nahi dutenean aldatzen edo
hausten dituzte, biolentziaren monopolioak ematen dien boterearen lotsagabekeri eta
prepotentziarekin.

Burua gogorra daukagu (oraindik hemen gaude), baina ez da haustezina. Pareta
berdinaren kontra etengabe joz, puskatzeko arriskua geroz eta handiagoa da.

Agian, gure buruan, “txip” aldaketa bat beharko genuke: instituzioak behar ditugun
neurrian erabili baina ez independentzia lortzeko bide nagusi bezala. Bide horrek gaur
egungo instituzioetatik kanpo behar du. Herriaren indarra gure instituzio edo tresna
propio eta independenteak sortzeko helburuarekin bideratu behar da. Gure jokoa sortu
behar dugu, gure arauekin jokatu. Helburua independentzia baita.

Asier Ezpeleta Jauregi
Orreagako kidea.